Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Durangon eginiko aurkezpenean jakinarazi duenez, Otxandioko eragileekin elkarlanean sortu dute egitaraua; besteak beste, Luhartz, Gozategi eta Governors taldeen kontzertuak izango dira.
EHEk nabarmendu du "euskaraz bizitzearen aldeko hautuari behar duen bultzada emateko eguna" dela Euskaraz Bizi Eguna: "Norbanako zein komunitate, euskaldunok sasi artetik salto egin eta garenaz harro gaudela, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko ekinaldia".
Sei urtez bide egin ostean Hizkuntza Eskubideen Eguna atzean utzi eta Euskaraz Bizi Eguna antolatzeari ekin zion EHEk. Seigarren edizioa izango du Euskaraz Bizi Egunak, Etxarri-Aranatzen abiatutako bideari segida emanaz. Ondoren etorri ziren Gernika-Lumon, Donostian, Agoitzen eta Gasteizen eginikoak.
"Otxandio, herri euskalduna. Euskararen arnasgune txikia eta euskaldunon babesgune handia. Euskararen alde egoteaz gain, euskararen alde egiteko prest dagoen herria da otxandiarrena", nabarmendu du EHEk, herri hori zergatik aukeratu duten azaltzerakoan.