«Justiziazkoa delako», Erriberan euskaraz bizi ahal izateko eskubidea aldarrikatu zuten atzo eguerdian Tuteran (Nafarroa). «Euskaraz bizi nahi dugu, horretarako eskubidea dugulako, gure hizkuntza delako eta euskaraz hitz eginez gure etorkizuna eraikitzen ari garela uste dugulako», adierazi zuten, protestaren amaieran irakurritako agirian, Erriberan Euskaraz elkarteko kide Alizia Iribarrenek eta Silvia Sanzek.
Eguerdian zen manifestazioa, eta eguraldi ona lagun, gogotsu joan ziren euskaltzaleak Tuterara. «Haien begietan ikusten da egoera aldatzeko gogoa eta ilusioa», esan zuen Iribarrenek. «Sanz, Barcina, entzun, Erribera euskaldun», «Erribera ere euskararen alde» eta «euskara, ofiziala» izan ziren gehien entzun ziren ohiuak. «Kontent gaude jendearen erantzunarekin, etorri den jende gehiena eskualdekoa, Erriberakoa, izan baita. Hori oso garrantzitsua da guretzat, erakutsi baitugu euskaraz bizitzeko nahia benetakoa dela. Gaurkoa [atzokoa], gainera, jai eguna da bertako euskaltzaleontzat, Korrika hemendik igaroko baita. Hau hasiera soilik da», nabarmendu zuen.
UPNren gobernuak bultzatutako hizkuntz politika euskararentzat «itogarria, zorigaiztokoa eta suntsitzailea»dela salatu dute. «Ahal duten guztia egin dute, eta egiten ari dira, euskaraz bizi ez gaitezen. Ikusezin izatera zigortu nahi gaituzte, eta hori ez da bidezkoa».
Horren aurka, «eroso eta duintasunez» bizi ahal izatea eskatu dute. «Norberaren herrian berezko hizkuntzan bizi ahal izatea oinarrizko eskubidea da». Hala, euren jardunarekin kezkatuta daudenei mezu bat bidali diete: «Gure ekimena herrikoia, parte hartzailea eta plurala da. Ez gaude hemen ezer inposatzeko, euskaraz bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko eta partekatzeko baizik. Euskaraz bizitzeko prest gauden herritarrak asko garela erakutsi nahi dugu. Izan ere, hemen inposatzen duen bakarra Euskararen Legea da. Euskara etengabeko gatazkan egotea baino ez du helburu».
Haien arabera, lege hori da, hain zuzen ere, euskaraz ez bizitzera «kondenatzen» dituen tresna. «Etorkizun hurbilean gazteak euskaraz bizi ez daitezen eusteko horma da, eta Nafarroa zatitzen du. Erriberaren kasuan, baztertu egiten gaitu, bigarren mailako nafarrak bagina bezala hartzen gaitu. Hori ez da bidezkoa, gure ustez».
Beste politika bat
Egoera ikusita, beste hizkuntz politika bat eskatu dute: helduak euskaraz alfabetatzea, euskaraz ikasteko eskubidea edukitzea eta administrazioarekin euskaraz aritzea bermatuko duen hizkuntz politika bat. «Horrekin batera, euskarak beste estatus juridiko bat behar du; berdintasun printzipioaren kontra egiten baitu herritarrei eskubide eta betebehar desberdinak aitortzeak».
Hori guztia lortzeko, hitzetatik ekintzetara pasatzeko ordua dela uste dute: «Ezin dugu itxaron parlamentu berria martxan jarri arte lanean hasteko. Izan ere, orain arte ikusi dugu zein den jarrera. Euskaraz bizi ahal izateko eskubidearen eskaria aspaldikoa da, eta bada garaia horri heltzen hasteko».
Hala, Euskararen Legearen indargabetzea bezain garrantzitsua da, haien ustez, euskararen erabilera sustatzea. «Euskaldunen eta euskaltzaleen aktibazioa ezinbestekoa da ofizialtasuna lortzeko». Erdaldun euskaltzaleek euskaraz ikastea oso garrantzitsua iruditzen zaie baita ere. «Helduen alfabetatzea estrategikoa da, eta horretarako baldintzak jarri behar dira». Euskara botoak lortu edo kentzeko tresna gisa ez erabiltzeko ere eskatu diete alderdi politikoei. «Hauteskunde eta alderdien interesen logikaren gainetik dago euskara. Ez du kentzen, gehitu baizik. Kultur aktibo bat da, eta sozialki batzen gaituena».
Ziur dira elkarlanaren eta norbanakoen aktibazioaren bidez beste baldintza batzuk sortuko direla Erriberan euskaraz bizitzeko eskubidea berma dadin. «Gaurkoa horretarako lehen urratsa izan da. Lanean jarraitzeko ilusioa eta gogoa, behintzat, ez zaizkigu falta». Etxez etxe joan nahi dute hori azaltzen. Elkarteak 600 atxikimendu jaso ditu, eta lanean jarraituko dute bidelagun gehiago lortzeko.
Euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute Erriberan
Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politikak euskaldunak ikusezin egin nahi dituela salatu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu