euskara

Euskaraz bizitzeko eskubidearen aldeko Nafarroako kanpainak "harrera paregabea" izan du

Kontseiluak Iruñeko etziko manifestazioan parte hartzeko deia egin du, martxoaren 22an Nafarroan hasi zuen kanpainaren balorazioa egitearekin bat. Euskararen alde abiatu zituzten ekimenek "aurreikusitakoa soberan gainditu" dutela esan du Iñaki Lasak. Manifestazioa Golem zinema aretoetatik abiatuko da, 18:00etan.

2010eko maiatzaren 13a
13:09
Entzun
"Oso positiboa da" martxoaren 22an abiarazi zuten Nafarroako kanpainaren balorazioa, herritarren "harrera paregabea" izan baita, Kontseiluaren arabera, eta etziko manifestazioan euskaraz bizitzeko eskubidea ozen aldarrikatzeko deia egin du kanpaina horri amaiera biribila emateko. Iñaki Lasa Kontseiluko ildo politikoaren arduradun eta manifestazioaren koordinatzaileak hitz egin du Kontseilua osatzen duten erakunde guztien izenean. Haren ustez, kanpaina osoan nagusitu den mezu positiboarekin joan behar da larunbateko manifestaziora. Golem zinema aretoetan da hitzordua, 18:00etan.

"Euskaraz bizi nahi dugula adierazteko erabiliko dugu manifestazioa", Lasak nabarmendu duenez, eta ideia horrekin bat egiteko, Euskaraz bizi nahi dut leloa daraman kartelak egiteko eskatu die herritarrei. "Herritar bakoitzak eraman dezaka kartel bat". Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika salatzeko agertokia ere izango da Iruñea.

Manifestazioa baino lehen, Donibane auzotik kalejiran irtengo dira Golem zinema aretoetara, eta horrez gainera, Nafarroako hainbat lekutan autobusak antolatu dituzte, besteak beste, Erriberan, Sakanan, Lizarran, Baztanen, San Adrianen eta Tafallan.

Kanpaina arrakastatsua

Martxoaren 22tik esperotako harrera baino hobea izan du Nafarroako euskararen aldeko kanpainak. Eskualdeetan kontseilutik abiarazitako ekimenez gain, herrietan euren kabuz antolatutako hamaika aldarrikapen ere izan dira, mahai-inguruetan, hitzaldietan, bizikleta martxetan, manifestazioetan eta jaietan. Ikastetxeetako ikasle nahiz irakasleek ere parte hartu dute horietan, baina baita eurek propio ikastetxeetan antolatutakoetan ere.

30.000 eskuorri banatu dituzte, 6.000 kartel eta milaka pegatina. Kanpainarako abiarazi duten blogean 24.000 bixita baino gehiago izan dituzte, eta manifestazioak 4.000 atxikimendu jaso ditu dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.