Unai Larreategi. Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea

«Euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez egin behar dugu; ezin gara otzan izan»

Euskaraz Bizi Eguna antolatu du Euskal Herrian Euskaraz-ek larunbaterako, Donostian. Aldarrikapen eta festa eguna izango da. Hizkuntz politika burujabe bat aldarrikatuko dute euskararentzat.

ainara arratibel gascon
Andoain
2012ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Euskararen «asimilazio» egoera aldatzea, neurri handi batean, herritarren esku dagoela defendatu du Euskal Herrian Euskaraz-eko kideUnai Larreategik (Soraluze, Gipuzkoa, 1979). Erakunde publikoei neurri politiko, juridiko eta ekonomikoak eskatu dizkie. «Euskarak lehentasuna izan behar du egunerokoan eta politiketan».

Zergatik eta zertarako antolatu duzue Euskaraz Bizi Eguna?

Urte osoan hainbat ekitaldi antolatzen ditugu. Baina, gizartean eragiteko, beti komeni izaten da ekitaldi nagusi bat antolatzea. Euskaraz Bizi Egunarekin hori lortu nahi dugu. Zergatia, berriz, oso lotua dago azken urteetan zabaldu dugun mezuarekin. Gure ustez, Espainiako eta Frantziako gobernuen politikek asimilazio prozesu batera eraman dute euskara. Hori aldatzea, neurri handi batean, herritarron esku dago. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egin behar dugu. Ezin gara otzan izan asimilazio prozesuaren aurrean. Harrotasunez egin behar dugu euskararen alde.

Egitarau betea prestatu duzue larunbaterako, ezta?

Adin guztietako jendearentzakojarduerak prestatu ditugu. Haurrentzat, tailerrak eta puzgarriak izango dira. Porrotx pailazoa ere han izango da, txikienekin solasean eta jolasean. Helduentzat, kantu kalejira, herri bazkaria eta kale animazioa antolatu ditugu. Gauean, aldiz, kontzertuak izango dira gazteentzat. Horietan parte hartzen duten guztiak arratsaldeko manifestazioan biltzea espero dugu, hori izango baita eguneko ekitaldi nagusia. Dena den, berritasun handiena izango da herritarren jarrera aldaketa hori sustatzeko San Telmo museoan egingo dugun tailerra. Horri lotuta, bakarrizketa bat estreinatuko da. Beñat Gaztelumendik egin du gidoia, eta Aitor Txarterina eta Barry Manley aktoreek antzeztuko dute.

Hizkuntz politiketan ezarri dituzten murrizketak kontuan hartuta, erakunde publikoen aldetik zer espero daiteke?

Krisia egon ez denean euskara sustatzeko dirua urria izan da, eta orain, are urriago. Uste dugu egoerari aurre egiteko indarrak bildu behar ditugula euskalgintzako eragileek. Hausnarketa sakon bat egin behar dugu etorkizunaren inguruan. Horretan asmatuz gero, euskalgintza indartuta aterako da.

Nola eragingo du krisiak normalizazioan?

Normalizazioak baldintza politikoak, juridikoak eta ekonomikoak behar ditu. Baldintza sozialak sortze aldera, herri ekimenetik ari gara bidea egiten, baina beste bietan premiak nabarmenak dira. Ekonomikoki, baliabide gehiago behar dira. Politikoki, berriz, hizkuntz politikaren inguruan erabakitzeko eskubidea izan behar du euskal komunitateak. Horrekin batera, beharrezkoa da euskaldunak komunitate oso eta bakartzat hartzea.

EAEko, Akitaniako eta Nafarroakoordezkariak Bruselan izan dira euskararentzat diru eske. Zer iruditu zaizue saioa?

Elkarrekin joatea, berez, ona da. Dirua lortzen badute, zer esanik ez. Jakin beharko litzateke zein diskurtso eman duten. Gainera, normalizazioa lortzeko ez da soilik dirua behar. Hobe lukete Bruselara joan beharrean normalizazioa lortzeko neurri politikoak eta juridikoak sustatuko balituzte.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzak iragan astean jakinarazi zituen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako inkesta soziolinguistikoaren emaitzak. Zein iritzi duzue emaitzei buruz?

Hasteko, hutsune bat ikusten dugu emaitza horiek aztertzeko orduan. Izan ere, ez dituzte Iparraldeko eta Nafarroako datuak eman. Horrekin batera, argi dago zein den zabaldu duten mezua: politikoki gauzak ondo egiten ari gara gu, gizartea da atzean geratzen ari dena. Baina hori ez da horrela, gure ustez. Eskolak, neurri batean, bermatu egiten du euskaraz jakitea, baina, hortik kanpo, baldintzak behar dira euskaraz bizitzeko. Erakundeek, ordea, ez dituzte jartzen. Kasu batzuetan, baldintza horiek okertu egin dira: kontsumitzaileen hizkuntz eskubideak bermatzeko dekretuarekin gertatutakoa ikustea besterik ez dago. Beti esaten da Nafarroan eta Iparraldean egoera okerragoa dela. Politikoki eta ekonomikoki agian horrela izango da. Baina gogorarazi behar da EAEn Euskararen Legea ez dela guztiz garatu. Legea guztiz garatu izan balitz, egoera oso desberdina izango zen. Nafarroako eta Iparraldekoherri batzuetan, gainera, baldintza hobeak daude euskaraz bizitzeko EAEko hainbat herritan baino.

Zer egin behar da euskararen normalizazioa lortu ahal izateko?

Gure ustez, gakoa lehentasuna da. Herritarrok euskarari lehentasuna eman behar diogu eguneroko jardunean, eta erakundeek,egunerokoan ez ezik, indarrean jartzen dituzten politiketan. Legedian ere funtsezkoa iruditzen zaigu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.