«Euskaraz hitz egiteagatik jarri digute isuna»

edurne elizondo
Iruñea
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Euskal Herrian Euskaraz-en iazko azaroko Ezabatu eta euskaraz bizi egitasmoak itzal luzea izan du talde horretako Altsasuko kide Haizea Ramirez de Alda eta Itziar Claverrentzat. Foruzainek geldiarazi eta identifikatu eta gero, bina isun eta epaiketarako deia jaso zituzten nafarrek. Epaiketarako data zehaztu zain dira, oraindik, bi gazteak.

Altsasuko San Joan karrikan gertatu zena «euskararen aurkako erasotzat» jo du Claverrek. «Ezabatu eta euskaraz bizi egitasmoan parte hartzeko asmoa genuen, baina ez genuen deus egiteko denborarik izan». Foruzainekin egin zuten topo lehenago. Haietako batek euskaraz bazekien, baina bertzeak ez, eta gaztelaniaz hitz egiteko eskatu zien, behin eta berriz, Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kideei. «Guk euskaraz ez zekienarekin ez hitz egiteko erabakia hartu genuen; besteak bazekien, eta harekin mintzatu ginen».

Izan zuen ondoriorik erabaki horrek. Foruzainek geldiarazi eta handik ia bi hilabetera, bina isun jaso zituzten Ramirez de Aldak eta Claverrek: batetik, 150 euro desobedientziagatik, gaztelaniaz mintzatzeko agindua ez betetzeagatik. «Euskaraz hitz egiteagatik jarri digute isuna». Eta, bertzetik, 3.000 euro, trafiko seinaleak arrazoirik gabe aldatzeagatik. Azken isun hori Espainiako Trafiko Zuzendaritza Nagusitik jaso zuten.

Isunarekin batera, epailearen deia jaso zuten Claverrek eta Ruiz de Aldak. «Ustez zigor bideak bertan behera uzten du administrazioaren esparrukoa, baina, gure kasuan, bi bideek egin dute aurrera». 3.000 euroko isun bana ordaindu behar izan dute, ondorioz. Desobedientziagatik jasotako isunaren aurka, berriz, helegitea aurkeztu zuten, eta bertan behera gelditu zen auzi hori.

Epaiketari dagokionez, otsailean egin zuten deklarazioa epailearen aurrean, lehendabizikoz. «Delitua egotzi ziguten, Altsasuko hamasei seinale aldatzeagatik. 900 euroko isuna jasotzeko arriskua genuen». Hau da, herrian urte luzez ezabatutako seinale guztiak aldatu izana egotzi zieten. Trafiko Zuzendaritza Nagusitik eta epaitegitik jasotako isunen kopuruan dagoen aldea nabarmendu du Claverrek.

Otsailean deklarazioa egin eta gero, delitua egotzi beharrean falta egotzi diete orain Claverri eta Ruiz de Aldari. Epaiketa noiz egin zain dira, oraindik ere. «6.000 euro ordaindu behar izan ditugu, ordea». Herritarren elkartasuna jaso dute ordainketa egiteko, Altsasun jarritako txosnen eta bertzelako gisako ekinaldien bitartez.

Iruñean ere izan zuen ondoriorik azaroko Ezabatu eta euskaraz bizi egitasmoak. Euskal Herrian Euskaraz-eko bi kidek 300 euroko isun bana jaso zuten. 150 euro ordaindu behar izan du bakoitzak, azkenean. Hizkuntza paisaia aldatzeko beharra berretsi du Claverrek: «Ez baita euskalduna».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.