Euskaraz Lan Egin bekarako izen emateak ireki ditu EEPk

Euskara ikasteko diru laguntza da, EEPk diruztatzen duena. Arlo profesional ezberdinetako 20 kidek ematen ahalko dute izena.

Euskaraz lan egin beka aurkeztu dute goizean, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU
Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko maiatzaren 21a
15:15
Entzun

Euskaraz Lan Egin diru laguntza egitasmoa aurkeztu du goizean Antton Kurutxarri EEPko zuzendariak. Beka horren bitartez, EEPk helduak euskalduntzeko erronka bete nahi du, «EEPren proiektu estrategikoarekin» bat egiten duten esparru profesionaletan euskararen erabilera «azkartzeko». 2017an abiatu zen egitasmoa, eta, orduan, irakasleei zuzendua zitzaion. Iaztik, berriz, lan eremu gehiagotara zabaldu dute deialdia: «Lan sektore batzuek euskara eta frantsesa menperatzen dituzten pertsona kalifikatuak atzemateko zailtasunak dituzte: irakaskuntzan, heziketa artistikoan eta kulturalean, animazioan, hedabideetan...». Hala, arlo horietako langileek ere ematen ahalko dute izena.

Diru laguntza eskuratzeko epea zabalik da, eta berantenez ekainaren 15a aitzin igortzen ahalko dira hautagaitzak. Ikasle bakoitzak, gehienez, 10.500 euroko laguntza jasotzen ahalko du, EEPk beka horretarako duen aurrekontua 146.000 eurokoa baita. Aurten, beraz, hogei helduren formakuntzak diruztatzen ahalko ditu EEPk. Euskarazko formakuntzak Ipar Euskal Herrian egiten ahalko dituzte ikasleek, AEKrekin. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskaltegietan ikasteko ere balio du diru laguntzak.

Ikasturte honetan, hemezortzi ikaslek eskuratu dute diru laguntza: hiruk irakaskuntza elebidunean lan egiteko xedea dute, eta gainerako hamabostek, bestelako arlo profesionaletan.

Helburua da ikastalditik ateratzean gutxienez B2 maila lortzea, jakinez zenbait arlotan C1 maila ere beharrezkoa dela. Hala, ikasketa prozesuaren epea ikaslearen hastapeneko mailaren araberakoa da. Kasurako, Genevieve Laganek 2020ko deialdian parte hartu zuen, eta euskara maila hobetzeko baliatu du diru laguntza, AEK-ko barnategia eginez, Angelun. Bost hilabeteren ondotik, C1 maila lortzeko EGA azterketa pasatzekoa du datozen egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.