Sssssshhh ... Danba! Hasi dira Gasteizko jaiak. Euskaraz gainera. «Zeledon! Etxe berria egin duk! Zeledon! Balkoian leiho on!». Gorka Ortiz de Urbinak, Zeledonen rolean, hikaz abesten jarri zuen atzo Andre Maria Zuriaren plazan. Lehenengoz, gaztelaniaz abesteaz gain, euskaraz abestu zuen bere abestia Zeledonek. Igandera arte iraungo duten jaiak hasi besterik ez dira egin Gasteizen.
Andre Maria Zuriaren plazako bozgorailuetatik Gasteizko abesti historikoak entzun zitezkeen, baina bertaratutakoek abestiak bat-batean asmatzeari ekin zioten. Edo asmatu gabe, aurtengo berritasuna entseatzen zuten batzuek. Zeledonek euskaraz abestu behar zuen bere abestia, lehenengoz. «Azkenean», komentatzen zuen guraso kuadrilla batek. «Nire alaba lehenengo aldiz etorri da Zeledonen jaitsierara. 3 urte baino ez du, beraz, Gasteizko txupinazo guztietan Zeledonen abestia euskaraz entzungo du. Pozten nau abestia euskaraz entzuteak; baina harengatik pozten naiz gehiago». Edorta Fernandez hala mintzo zen Zeledon jaisten hasi baino minutu batzuk lehenago.
Laguntza handikoa izan zen San Migelgo balkoian euskarazko letra ikusgai egotea plaza guztiarentzat. Behin Zeledon balkoian zegoela, jendea prest zegoen abesti berria kantatzen hasteko. Momentua heldutakoan, salbuespen batzuk izan ezik, Andre Maria Zuriaren plazak euskaraz eta hitanoz egin zuen kantu. Lehenengoz abestia gaztelaniaz abestu zuen arren, beste hirurak euskaraz kantatzeari ekin zion Zeledonek, plazak, ozen, abesten laguntzen zion bitartean. Horrekin, euskararen presentzia handitu zen jaien hasieran. Eñaut Iraeta Geu elkarteko koordinatzaileak aurreikusi zuen bezala, Gasteizko gizarteak ederki erantzun zion abestia euskaraz kantatzeari.
Lehen ordutik, plazan
Giroa 15:00etatik suma zitekeen Gasteizko erdialdean. Xanpain, cava eta sagardo botilez betetako poltsen artean, ilusioz itxaroten zuen Zeledonen jaitsiera gazte talde batek plaza erdian. «Etxean bazkaltzera derrigortzen gaituztelako ez gatoz lehenago. Bestela, goizetik etorriko ginateke hona», adierazi zuten erlojuari begira. Eguraldia erabat oskarbi ez zegoen arren, euri tantarik ez zen erori atzo Gasteizen. Areago, orduek aurrera joan ahala, eguzkiak gero eta gehiago berotzen zuen. Ez zegoen aitzakiarik. Festa hastera zihoan.
Minutuek aurrera egin ahala, plaza betez joan zen. Zeledon Zalduondotik Gasteizen lurreratzeko bi ordu falta zirela, erdialdeko zirkulazio guztia etenda zegoen. Udaltzaingoak edariz betetako gurdiak sartzea debekatu zuen, nahiz eta plazan baten bat ikus zitekeen. Plazan jende gutxi sar zitekeen ordurako, eta erdialdeko taberna guztiak jendez lepo zeuden; denek ikusi nahi zuten txupinazoa, telebista batetik bazen ere. San Migelgo dorreko erlojuak 17:00ak jo zituenean, lehenengo botilak irekitzen hasi ziren han bildutakoek. Baina Julio Roca Zuzenak klubeko presidenteak suziria bota baino hamabost minutu lehenago hasi zen jendea saltoka, dantzan eta abesten. Jendeak ezin zuen gehiago itxoin. Minutu gutxi falta ziren sei egunez izango diren Gasteizko jaiei hasiera emateko.
18:00ak puntu-puntuan bota zuen suziria Rocak. 300 ekintza baino gehiago bildu zituen Andre Maria Zuriaren jaiak hasi ziren orduan. Puruak piztu, xanpain botilak ireki eta zapiak lepoan jantzi zituzten bertaratutakoak. Momentu horretan, Zeledon panpina zerutik hegan jaisten hasi zen, izotzek eta botila kortxoek buruan jotzen zioten bitartean. Zazpi minutu baino apur bat gehiago behar izan zuen Gasteizen lurreratzeko.
Behin lurreratuta, lekukoa hartu zuen Ortiz de Urbinak. Zeledonen lagunek, laranjaz jantzita, bizkartzain gisa bidea ireki zioten, plaza guztia zeharkatu zuen hamabosgarren aldian. Plazan zeudenak txapela ukitzen saiatu ziren, ligatzeko zortea ekarriko zielakoan. Baina Zeledonek eskuan zeraman, ezkutatuta.
Aurten ere, aldarrikapen askotarikoak ikusi ziren txupinazoaren orduan. Euskal preso eta iheslarien etxeratzearen aldeko ikurrak eta ikurrinak plazan bertan zein monumentuan zeuden. Eraso sexisten aurkako pankarta batek ere Andre Maria Zuriaren aurrealdea hartu zuen. Are gehiago, «Herriak libre. Askapena aurrera!» lelodun pankartan urrian izango den Askapenaren aurkako epaiketa salatu zuen.