Euskarazko komunikabideak

Euskarazko eskaintza indartzea lehenetsi dezan eskatu dio sektoreak Jaurlaritzari

«Euskarazko eskaintzan oraindik ere zeregin handia dagoela kontuan hartuta, lehentasuna euskara hutsezko eskaintza indartzeari eta zabaltzeari eman behar zaiola uste dugu». Mezu hori helarazi dute euskarazko prentsako eragileek ohar baten bidez. Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideak sustatzeko urtero banatzen dituen diru laguntzak aztertuta, euskarazko hedabideek behin baino gehiagotan azaldu dute euren desadostasuna.

2006ko ekainaren 30a
10:33
Entzun
Hain zuzen ere, herenegun, Eusko Jaurlaritzak euskarazko hedabideen inguruko hausnarketa hasi duela jakinarazi zuen egun berean, euskarazko hedabideen sektoreko ordezkariak Eusko Jaurlaritzako ordezkariekin bildu ziren Donostian. Horren harira, euskarazko hedabideetako ordezkariek beste behin ere adierazi dute «sektorearen inguruko hausnarketa horri ekiteko prest» daudela.

«Orain arteko azterketek erakusten dute nagusiki erdara erabiltzen duten hedabideetan euskararen presentzia ez dela igo euskaldunen kopurua handitzen joan den neurri berean», adierazi dute euskarazko prentsako eragileek. Beste muturrean jarri dituzte euskarazko hedabideak. «Garapen ikusgarria izan dute. Duela 30 urte lauzpabost aldizkari izatetik 100 hedabide baino gehiago izatera pasatu gara. Eskaintza handiagoa eta askotarikoagoa da eta, era berean, askoz ere irakurle kopuru handiagoa dute euskarazko hedabideek, informazio orokorrekoek, tokian tokikoek zein espezializatuek».

HAUSNARKETA EGITEKO BORONDATEA. Oharra sinatu duten eragileek, hala ere, administrazioarekin hitz egiteko borondatez daudela gogorarazi dute. «Azken urteotan Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak hedabideekin diru laguntzak banatzeko irizpideen gaineko hausnarketa egiteko asmoa adierazi izan du behin baino gehiagotan. Eta urteotan sortu diren eztabaida gehienek zerikusi zuzena izan dute irizpide horiekin. Gure ustez, Eusko Jaurlaritzaren eta hedabideon artean irizpide horiez hitz egiten hasteko momentua da». Hala adierazi dute oharraren sinatzaileek.

Hain zuzen ere, elkarri behin eta berriz horretarako borondatea dutela esan izan diotela gogorarazi du sektoreak. «Guk Kultura Sailari sarritan azaldu izan diogu gai hauetaz mahai baten inguruan hitz egiteko borondatea daukagula, eta Kultura Sailak berak ere azaldu izan du horretarako prestutasuna».

Baina denbora aurrera doala eta hedabideen eta Jaurlaritzaren artean oraindik hausnarketarik ez dela egin salatu dute euskarazko prentsa idatziko eragileek. «Eta bitarte horretan, gainera, irizpide berriak aplikatzen hasi dira jadanik. Guk hausnarketa horri ekiteko prest gaudela berretsi nahi dugu».

Aurtengo diru laguntzen partida ere aztertu dute euskarazko prentsako ordezkariek oharrean. «Bost urteko izoztearen ondoren», 2006an euskarazko prentsarentzako diru partida milioi bat eurotan handitu zezan eskatu zioten euskarazko hedabideetako eragileek Eusko Jaurlaritzari. «Deialdian aurreko urtean baino 950.000 euro gehiago jaso dira. Horietatik, ordea, 59.050 euro baino ez dira milioi bateko igoera eskatu zuen prentsa idatziarentzat».

Sinatzaileak

Ipurbeltz

Elhuyar

Nabarra

BERRIA

Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza

Oarsoaldeko Hitza

Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza

Irutxuloko Hitza

Urola Kostako Hitza

Goierriko Hitza

Busturialdeko Hitza

Aikor

Aiurri

Aldaize

Anboto

Artzape

Barren

Begitu

Berton

Danbolin

Drogetenitturi

Eta Kitto!

Galtzaundi

Gaztetxulo

GEU

Guaixe

Kronika

Karkara

Maxixatzen

Noaua!

Pil-Pilean

Prest

Pulunpe

Txintxarri

Txaparro

UK

Uztarria

Topagunea

Otamotz

Baleike

ON

Goierritarra

Xirika

BAT

Kalaputxi

Goienkaria

Kalaputxi

Goienkaria

Aizu!

Jakin

Uztaro
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.