Txosten batek agerian utzi berri du Iruñean ez dagoela behar adinako eskaintzarik —%27 da— euskarazko haur eskolen hautua egin nahi duten familia guztiei erantzuteko, eta, horrekin lotuta, alor horretan "urrats gehiago" egiteko asmoa dutela esan du gaur agerraldi batean Iruñeko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Maider Belokik. "Erregimenak urte askoan ezkutatu nahi izan digun errealitate bat erakutsi digu inkestak", azaldu du EH Bilduko ordezkariak. "Baina eskari zabala dago euskarazko haur eskolen inguruan, eskaintza baino handiagoa". Udalak eskari horri erantzuteko asmoa duela azpimarratu du.
Alde horretatik, oroitarazi du "egokia" izan dela udalak aurten euskarazko beste bi haur eskola irekitzeko hartu duen erabakia: "Bat dator herritarren premiekin". Are gehiago, bide horretan sakondu behar dela adierazi du. "Hizkuntza eskubideen arloan zer hobetua franko dago, UPNren politika baztertzaileak gainditu eta euskararen normalizaziorantz aurrera egiteko, eta haur eskolen kalitate sisteman ere bai". Bide horretan herri mugimenduekin "sinergiak" bilatu behar direla adierazi du.
Belokik mezu argia eta itxaropentsua bidali du: Iruñeko Udalak arlo horretan hartu dituen lehen erabakiak norabide onean doazela esan du, eta pauso gehiago emateko prestasun osoa dutela ziurtatu. "Herri eta auzo mugimenduek izan behar dute aldaketa deitzen dugun horren benetako protagonista. Belokik euren konpromisoa agertu du "euskararen normalizazioaren eta ofizialtasunaren alde, kalitatezko hezkuntza sistema publiko baten alde, eleaniztasunaren alde eta haur eskolen zerbitzu orekatu eta justu baten alde".