Euskarazko hedabideak berriro batu dira laguntza eskatzeko

Otsailean eginiko eran, mezu batua idatzi dute ostera, sektorea estrategikoa bada ere, horrek aurrekontuetan islarik ez duelako«Behar eta merezi» duten trataera izango ez duten beldur, instituzioei mintzatu zaizkie

Euskarazko hedabideetako ordezkariak, igaro otsailaren 15ean, instituzioei konpromiso handiagoa eskatzeko agerraldian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
«Kezkagarriak». Erakunde publikoetako aurrekontu proposamenak deskribatzeko adjektibo hoberik ez dute aurkitu hiztegian euskarazko hedabide ez-publikoek. Mezu bateratua plazaratu dute, igaro otsailean egindako moduan, instituzioei sektore «estrategikoa» direla oroitarazteko eta horren araberako diru sailak eskatzeko. Urte hasieran, agerraldi publikoa egin, eta kanpaina bateratua abiatu zuten 80 hedabidek baino gehiagok. Xede argiak plazaratu zituzten: sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea, erakunde publikoei hedabideekiko konpromiso handiagoa eskatzea, eta alorraren analisia egin eta azterketa horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeekin lantzea. Orain, erakunde publikoen datorren urteko aurrekontu proposamenetan, ordea, ez dute komunikabideekiko jarrera egokirik ikusi. Sektoreak «behar eta merezi» duen trataeratik urrun ikusi dituzte.

Kritikoa da erakunde publiko ia guztien aurrekontuen irakurketa, murrizketen bidea hautatu baitute ia denek. Nafarroako Gobernuaren laguntzak, esaterako, datorren urtean «ezerezean» geratuko direla esan dute. Jaurlaritzari ere «gupidarik» gabe jokatzea egozten diote: aurten baino 400.000 euro gutxiago eman nahi ditu datorren urtean euskarazko hedabideentzat. Gainerako erakundeetan ere, estutasunak nagusi: Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, aurreko bi urteetan laguntzak asko murriztu ostean, adierazi du iazkoari eutsi baino ez diola egingo aurten. Bizkaiko Foru Aldundia izango da diru saila handitzeko asmoa duen bakarra: %12ko igoera. Iparraldean, berriz, euskaldun hiztunen galera bizkorraren ziotzat dute «anbiziorik gabeko hizkuntza politika». Euskaraz ari diren hedabide ez-publikoak, testuinguru horretan, erakundeen laguntza urriarekin ari direla salatu dute.

Mezu argia helarazi diete instituzioei: sektorearen garrantzia aintzat hartuta euskarazko hedabideentzako laguntzak handitzeko. «Argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.