Bederatzi hilabete badira euskarazko hedabide ez-publikook agerraldi publikoa eta kanpaina bateratua egin genituela, hiru helburu nagusirekin:
1. Sektorearen estrategikotasuna eta beharra azpimarratzea. Komunikazioaren eta hizkuntz normalizazioaren ikuspegitik ez ezik, ekonomia ikuspegitik ere estrategikoa eta garrantzi handikoa den sektore bati buruz ari gara hitz egiten.
2. Erakunde publikoei sektorearekiko konpromiso handiagoa eskatzen zitzaien, publizitate-inbertsio, bestelako inbertsio eta laguntza handiagoak, gaurtik bertatik hasita.
3. Horretaz gain, sektoreak egoeraren analisia egin eta analisi horretatik abiatuta ildo nagusiak erakundeekin lantzen hasteko konpromisoa hartu zuen.
2012. urtea ate-joka dugu, eta erakundeetatik sektoreari begira jasotzen ari garen mezuak kezkagarriak dira, ikaratzeko modukoak.
1. 2012rako aurrekontu proposamenean jasota daudenak betetzen badira, Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideentzako zituen diru laguntzak ezerezean dira, 2012ko aurrekontuetatik erabat desagertuko da hedabideetan euskara sustatzeko diru saila. Gainera, 2011ko bigarren epealdiko laguntzak desagertzeko arriskua ere handia da.
2. Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuak onartzen badira, erakunde horrek aurten baino 400.000 euro gutxiago bideratuko ditu 2012an hedabideen diru laguntzetara. Urteetan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu orokorrak goraka joan direnean, euskalgintzara eta euskarazko hedabideetara bideratutako diru sailak ez dira handitu; orain, aurrekontuetan estutasunak sortu direnean, ez dago gupidarik: lehendik estu dabilen sektore bati are kalte handiagoa egiteko aukera zabalduko da.
3. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2011ko diru sailari eustea aurreikusi du —aurreko bi urteetan asko jaitsi da diru sail hori, eta ez du handituko—. Bizkaiko Foru Aldundia da 2012rako bere aurrekontuetan diru saila handitzea aurreikusi duen bakarra—47.500 euro gehiago, %12ko igoera—.
4. Eta zer esanik ez Iparraldeari buruz, non euskaldun hiztunen galera bizkorra (hizkuntza politika publiko baztertzailearen ondorioz) anbiziorik gabeko hizkuntza politika batekin paraleloan doan. Enpresa pribatuek euskarazko hedabide berriak sortzen dituzte; eta laguntza publikoak, berriz, oraindik geldialdi berean daude. Aldi berean, botere publiko gehienek ez dituzte kontuan hartzen euskarazko hedabideak beren publizitate kanpaina ordainduetan.
Jakitun gara sektorearen etorkizuna gure lanaren baitan dagoela nagusiki. Guk geuk ere aztertu behar ditugula gure indargune eta ahuldadeak; sektorean elkarrekin jardunda errazagoa izango zaigula garai zail honi aurre egitea. Zeregin horretan ari gara hilabete hauetan, eta laster batean gure hausnarketa instituzioetako arduradunekin partekatu ahal izango dugu. Baina argi dugu aurrera egiteko ezinbestekoa dugula erakunde publikoen laguntza handiagoa, eta hori ari gara aldarrikatzen une honetan.
Gaur egungo erakunde publikoen dinamikak ez du asko laguntzen bide horretan, eta ezin dugu isilik geratu ikusten dugunean euskarazko hedabideen sektoreak ez duela erakunde publikoen 2012ko aurrekontu proposamenetan behar eta merezi duen trataera jasoko, ustez denen begietara sektore ezinbesteko eta estrategikoa izan arren. Horregatik, erakundeei publikoki eskatzen diegu gaiaren garrantzia kontuan hartzeko eta aurrekontuak ahalik eta gehien egokitzeko, diru sailak handituz.
2011ko abenduaren 2an
Euskarazko hedabideez-publikoak
Agiria
Euskarazko hedabideek erakundeen konpromisoa behar dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu