Azkenean, Nafarroako Gobernuak banatuko ditu euskara erabiltzen duten hedabideen artean diru laguntzak. Hori bai, 310.000 eurotik 240.000 eurora murriztu dute diru sail hori, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Xabier Azanzak jakinarazi duenez. Ekainaz geroztik zuen izoztua UPNren gobernuak diru sail hori, baina bi asteren buruan eginen dute diru laguntzen deialdia, orduan argitaratuko baitute Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Ekainean iragarri zuen Nafarroako Gobernuak 150 milioi euro «erreserban» utziko zituela, eta, harrezkero, handituz joan da euskarazko hedabideen kezka. Orduan izoztu zituen Miguel Sanzen gobernuak haiendako diru laguntzak, eta kolperik handiena euskarak jaso zuen orotara eginiko murrizketetatik: %17tik gorakoa izan zen murrizketa Euskarabidean, alegia, Hezkuntza Departamentuan egindako murrizketen laukoitza.
Tokiko hedabideak dira kaltetuenak egoera horretan, eta askok ohartarazi dute ateak ixtea beste biderik ez dutela izanen laguntzarik jaso ezean. Eta laguntzak murriztuta, gehienendako ez da egoera hobetuko. Komunikabide horiek -tokikoak eta ohiko jardueran euskara erabiltzen dutenak- bat egin eta legea betetzeko eskatu zioten Nafarroako Gobernuari, Euskararen Legeak agintzen baitu euskarazko hedabideak laguntzea.
Hortaz, azkenean, Nafarroako Gobernuak ez du diru saila ezabatu, hedabideek 70.000 euro gutxiago jasoko badituzte ere. Hori gutxi ez, eta 2009. urteko aurrekontuen aurreproiektuaren arabera, 9.567 euro baino ez dituzte banatuko datorren urtean euskara erabiltzen duten komunikabideen artean.
Euskarazkoen kaltetan
1999. urtean hasi zen Nafarroako Gobernua diru laguntza horiek banatzen. Geroztik, txikituz joan dira euskara hutseko hedabideendako diru laguntzak, gaztelania eta euskara erabiltzen duten komunikabideen mesedetan. 1999. urtean, aurten banatuko duen baino diru gehiago bideratu zuen UPNren gobernuak euskarazko hedabideendako: 235.458 euro. Iaz 280.639 euro banatu zituen foru exekutiboak. Gaztelaniazko hedabideei eman zieten 55.303 euro gehiago urte horietan, eta euskarazko komunikabideek jasotakoa 34.436 euro murriztu zuten. Ordea, datorren hilabetean Foru Parlamentuan aurrekontuak hobetu ezean, oso urrun geratuko dira orain arteko kopuru horiek 9.567 eurotik.
Euskara
Euskarazko hedabideendako diru saila desblokeatu du Nafarroako Gobernuak
Nafarroako hedabideek aurreikusitakoa baino 70.000 euro gutxiago jasoko dituzte; guztira, 240.000 euro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu