Hainbat urtetarako plana. Horixe eskatu dio Nafarroako Arartekoak Nafarroako Gobernuari, euskarazko hedabideak diruz eta baliabidez laguntzeko. Javier Enerizek txostena aurkeztu du Nafarroako Parlamentuko Foru Erregimeneko Batzordean. Bilduk, NaBaik eta Ezkerrak eskatuta egin du txosten hori, 2012rako Nafarroako euskarazko hedabideak diru laguntzarik gabe gelditu eta gero.
Arartekoak argi utzi du Euskararen Legeak, 27. eta 28. artikuluen bidez, eta Europako Hizkuntza Gutxituen Gutunak euskara sustatzera eta euskarazko hedabideak diruz laguntzera behartzen dutela Nafarroako Gobernua. Laguntza hori modu egokian gauzatzeko, zenbait urtetarako plana hitzartzea gomendatu dio Nafarroako Gobernuari, «laguntza hori jasoko duten erakundeek aldez aurretik jakin dezaten urte bakoitzean zer baliabide izanen duten beren jarduerak martxan jartzeko». Arartekoak gaineratu du plan hori osatzeko prozesuan parte hartu beharko luketela euskarazko hedabideetako ordezkariek.
Nafarroako Parlamentuari ere egin dio eskaera zehatzik Arartekoak, aurtengo aurrekontuetan euskarazko hedabideentzako diru sailik ez dela kontuan hartuta. Euskararen Legea bete ahal izateko, euskarazko hedabideen aldeko diru saila onartzeko galdegin dio Enerizek Parlamentuari. Kopururik ez du zehaztu, hala ere. «Hori egitea ez dagokit niri».
Parlamentuko taldeen artean ia erabateko oniritzia jaso du Arartekoaren txostenak, nahiz eta taldeok euskararen inguruan hagitz iritzi ezberdinak izan. Enerizek egindako gomendioak azpimarratu ditu Bilduko Maiorga Ramirezek, batetik. «Hainbat urtetarako plana behar dela argi dugu guk ere». Bertzetik, UPNko Javier Caballeroren hitzetan, Arartekoaren txostenak agerian uzten du Nafarroako Gobernuak euskarazko hedabideak laguntzen dituela. «Azken urteotako diru sailak aipatu ditu; eta 2012an ere, euskara diruz laguntzen ari garela». Euskarabidearen jarduera aipatu du Caballerok, bai eta euskara interneten sustatzeko ekinaldiak ere. Caballerorekin ados agertu da PSNko Pedro Rascon, eta gaineratu du egungo krisi egoeran ezin dela gehiago egin.
Gobernuan, babeslerik ez
Rasconen hitzek Ezkerrako Jose Miguel Nuinen kritika piztu dute. «Argi dago Nafarroako Gobernuan inork ez duela euskara defendatzen eta babesten».
Egoera ekonomikoa euskararen alde deus ez egiteko aitzakia dela erran du Bilduko Maiorga Ramirezek, eta iritzi horrekin bat egin du Nuinek. «Dirurik ez dagoela diote euskara sailik gabe uzteko; baina Los Arcoseko zirkuitua laguntzeko milioiak bideratzen dituzte, nahiz eta aurten lau milioi euroko zorra eragin proiektu horrek».
NaBaiko Nekane Perezek bat egin du Arartekoarekin, eta euskarazko hedabideentzako plana eta diru saila eskatzeko gomendioekin ados agertu da. «Ez dago gure esku, ordea, hori betetzea», gogoratu du.
Perezek onartu du, hala ere, Javier Enerizen aurkezpenak ez duela kontent utzi: «Ez du zehaztu Nafarroako Gobernua ez dela legea betetzen ari; legea betetzen ez duenik ezin dela erran baino ez du azaldu». Perezek argi du legez egin beharrekoak ez dela egiten ari Nafarroako Gobernua. «Ez du gogorik, ez du nahi».
Euskarazko hedabideentzat plan bat eskatu du Arartekoak
Nafarroako Gobernuari galdegin dio hainbat urtetarako egitasmoa onar dezala, hedabideen parte hartzearekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu