Euskara

Euskarazko irrati eta telebista bat bermatzeko eskatu dio Europak Nafarroari

Espainiako Estatuak justizia administrazioan eta zerbitzu publikoetan langile euskaldunak jartzeko neurriak hartu behar dituela eta horretarako legea eta praktika egokitu behar dituela nabarmendu du Europako Batzordearen aditu talde batek. Hizkuntza Gutxituen Ituna zenbateraino betetzen ari den aztertu dute adituek; gaur argitaratu dute txostena.

mikel p ansa
2012ko urriaren 25a
18:34
Entzun

Europako Batzordeak azterketa zorrotza egin dio Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikari. "Gutxienez" euskarazko telebista kate pribatu bat bermatzeko eskatu dio, euskarako irrati lizentzien alde egiteko, eta hezkuntzan ingeles ereduen zabalkundeak —TIL eta British ereduak— euskarari zer eragingo dion argitzeko ere galdegin dio Nafarroako Gobernuari, eta aholkua eman dio: euskarazko bigarren hezkuntza bermatzeko urratsak egiteko etorkizunean.

Euskalerria Irratia espresuki aipatzen du Europako adituen txostenak: irrati lizentziarik ez emateko jarrera "berraztertzeko" galdegin dio gobernuari. Xorroxin Irratiaren egoera ere aztertu dute adituek, baita Xaloa Telebistarena ere. Irrati eta telebista kate "pribatu" bat gutxienez egoteko neurriak hartzeko eskatu dio gobernuari. Euskarazko komunikabideentzako eta ikus-entzunezkoentzako laguntzak bideratzeko ere gomendatu dio.

Nafarroako Gobernuari ez ezik, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako Estatuari ere egin dizkio gomendioak eta eskakizunak Europak. Justizia administrazioan langile euskaldunen "proportzio egokia" egoteko neurri legal eta praktikoak hartzeko eskatu du, esaterako, epaiketak hizkuntza gutxituetan ere egin ahal izan daitezen; alde bakar batek epaiketa euskaraz egiteko eskatzeak aski behar luke, Hizkuntza Gutxituen Itunaren arabera, auzitegiek eskubide hori bermatzeko. Estatuko administrazioetan eta zerbitzu publikoetan ere langile euskaldunak egoteko neurriak hartzeko eskatu du.

Europako Ministroen Batzordearen Kontseiluak gaur argitaratu du Hizkuntza Gutxituen Itunaren jarraipen txostena, eta bertan jaso ditu azterketa eta aholku horiek, eta beste asko. Aditu independenteek egin dute txostena. Iazko uztailean bisitatu zituzten Espainia, Hego Euskal Herria, Herrialde Katalanak eta Galizia. Administrazio publikoek eta herri mugimenduek emandako informazioekin osatu dute txostena. Espainiako Gobernuak Hizkuntza Gutxituen Ituna sinatu zuenetik, Europak osatu duen hirugarren txostena da.

Hizkuntza gutxituak sustatu eta babesteko egindako "esfortzua" eskertu dio Europako Batzordeak Espainiako Gobernuari, orobat, eta "izaera multilinguala" babesteko ahalegina aitortu. Hala ere, justizia alorrean eta estatuko administrazio organuetan hizkuntza gutxituen presentzia eta erabilera sustatzeko neurri gehiago hartu behar dituela ohartarazi dio.

Adituen taldeak goraipatu egin ditu Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza hitzarmenak, baina zehaztu du "praktikan" ez dutela ekarri "elkarlan esanguratsurik", helduen euskalduntzeari buruz izan ezik. Hizkuntza bat administrazio publiko bat baino gehiagotan hitz egiten denean, erakunde publikoen arteko elkarlana funtsezkoa dela uste du adituen taldeak. "Hori bereziki inportantea da euskararen kasuan, Nafarroan egoera ahulagoan baitago Euskal Autonomia Erkidegoan baino".

Gehiago ere esan dio Nafarroako Gobernuari: "Nafarroako autoritateek euskal (sic) autoritateekin elkarlanean aritu behar dute, Hizkuntza Gutxituen Gutunaren konpromisoak betetzeko". Nafarroako iparraldean, eremu euskaldunean, konpromiso horietako asko betetzen direla seinalatu du, eta bide horri eusteko aholkatu UPNren gobernuari, Jaurlaritzarekin elkarlanean sakontzeko, "adibidez, telebista kateen emankizunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.