komunikabideak

Euskarazko irrati publikoa sortzea proposatu du Nafarroako Parlamentuak

NaBaik eta IUNk babesa eman diote PSNren mozioari. UPNk eta CDNk kontra bozkatu dute. Irrati horrek RTVErekin akordioa luke.

2010eko martxoaren 25a
19:10
Entzun
RTVE Espainiako irrati-telebistarekin akordioa lukeen euskarazko irrati kate publikoa Nafarroan. Hori nahi du Nafarroako Parlamentuak, PSN, NBai eta IUNren aldeko botoekin gaur onartu duenez. Alderdi Sozialistak aurkeztu du mozioa, hain zuzen, eta herrialdeko Gobernuari eskatu diote Nafarroako ikus-entzunezko sektorearen dinamizazio eta garapen plana martxan jartzeko.

UPNk eta CDNk aurka bozkatu dute. Ramon Casado UPNko parlamentariaren arabera, ideia hori "harrigarria da eta, gainera, RTVEren diru kontuak ez daude abenturak abiatzeko". CDNk adierazi du euskarazko irratia ez lukeela nahiko eremu publikokoa, baizik eta pribatukoa.

Euskarazko irrati publiko hori RTVE Korporazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko hitzarmenaren bidez sortuko litzateke. PSNk dio Kataluniako Radio4ren adibidea jarrai daitekeela, "arrakastatsua eta kalitatezkoa delako".

Sozialista nafarrek ikus-entzunezko plana aurkezteko ekimenarekin, "pluraltasunaren eta zerbitzu publikoaren behar bat" betetzeko asmoa dute. Horrez gain, "garapen ekonomikoko sektore berriak ustiatu" nahi dituzte, "lanpostuak sortu eta ekimen ekonomikoko ildo berriak abiaraziko lituzketenak".

NaBaik azaldu du mozioa ez dela txarra, "baina badu zer hobetu. Esparru horretan euskararen presentzia sustatu beharko litzateke, kasu".

Iruñerriko Euskalerria irratiak hogei urte daramatza euskaraz emititzen, baina Nafarroako Gobernuak ez dio lizentziarik ematen. 2006an Miguel Sanzen gobernuak egindako irrati lizentzien banaketa bertan behera utzi berri du Nafarroako Auzitegi Nagusiak, eta Euskalerria irratiaren egoera "arautzearen" alde egin du Espainiako Kongresuak.

Beste puntuak

Mozioak zazpi puntu ditu eta, besteak beste, herrialdeko irrati digitala sortzeko azterketa egin beharko litzatekeela ere badio. EAE, Aragoi eta Errioxako gobernuekin hitzarmenak egin nahi dituzte, haien kate autonomikoak Nafarroan ikus daitezen.

Halaber, PSNk, NaBaik eta IUNk eskatu dute Ikus-entzunezko Zientzia eta Arteen Goi Institutua sortzeko bideragarritasun ikerketa egiteko. Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin eta enpresen sektorearekin izango luke lotura, "Nafarroa erreferente bilakatzeko estatu mailan eta nazioartean".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.