Euskal Herriak Bere Eskola plataformak euskal unibertsitatearen gaineko ekimena abian jarriko du, gizarte eragile guztiak proiektua «egingarria» dela ohartarazteko. Euskal Unibertsitatea, ezina ekinez egina izenburupean garatuko duten ekimenarekin Euskal Herriko «zazpigarren unibertsitatea» izango dena sortzeko deia egingo dute.
Horren berri EHBE plataformakoek eman zuten atzo, Bilbon egindako agerraldian. Igor Arroyok azpimarratu zuenez, beharrezkoa da «euskaraz osoki funtzionatuko duen, Euskal Herriaren premia sozial, ekonomiko eta kulturalen arabera antolatuta egongo den eta herritarron ekimenez egina izango den unibertsitate berria sortzea».Eztabaida indarrean dela egiaztatu dute EHBEkoek, batez ere hizkuntzaren, lurraldetasunaren eta parte-hartzearen inguruan. Arroyok gogoratu zuenez, bai unibertsitate publikoetan, bai pribatuetan, aspaldi dabiltza hiru oinarri horien gaineko gogoetak egiten. «Ahaztu barik, LOU legearen aplikazioa, Lakuak egin duen Unibertsitate Legea edo Ipar Euskal Herrian unibertsitate propioa izateko Batera-k egin dituen eskaerak», gehitu zuen.
Antiguedad hautagaia
Eztabaida pil-pilean den arren, euren ustez, ondo bereizi behar da zer dagokien Euskal Herrian gaur egun diren sei unibertsitateei eta zer euskal unibertsitatearen inguruko egitasmoari. Horren harira, Xabier Arregik argi utzi zuen plataformak Iñaki Antiguedad hautagaiaren alde egiten duela EHU barruko hauteskundeetan, bera delako unibertsitate horretan «aldaketa kualitatibo eta sakonak egin behar direla proposatzen duen bakarra».
Euskal unibertsitatearen proiektua garatzeko, «lelo abstraktua izatetik egingarria izango den proiektua» zelan egin hausnartuko dute, eta,horretarako, ekarpen zehatza egingo diote UEU barruan horren definizioari eta diseinuari buruz egiten dabiltzan lanari.
HEZKUNTZA
Euskarazko unibertsitatea «egingarria» dela ohartarazi dute EHBEkoek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu