ETB1-eko EZTABAIDA

Euskarazkoan, sei lehendakarigaitik hiru

ETB1en eztabaidatu dute bart gauean EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, UPD eta Ezker Batuko hautagaiek. Lehendakarigaien artean, soilik Urkullu, Mintegi eta Maneiro izan dira eztabaidan.

2012ko urriaren 19a
00:17
Entzun

Euskaraz eztabaidatzeko txanda ailegatu zitzaien atzo alderdi politikoetako ordezkariei, eta bezperakoa baino pausatuagoa izan zen atzokoa. Hiru lehendakarigai baino ez ziren egon eztabaidan; Iñigo Urkullu (EAJ), Laura Mintegi (EH Bildu) eta Gorka Maneiro (UPD). Haiekin batera, Idoia Mendia (PSE-EE), Laura Garrido (PP) eta Felix Gonzalo (Ezker Batua-Berdeak).

Enplegua eta ekonomia

Urkullu: Orain arte izandako eredua "oso baliagarria" izan dela esan zuen Urkulluk, eta gaineratu zuen egoera ez dagoela "esperimentutarako". Enpresa txiki eta ertainen garrantzia nabarmendu zuen: "Enplegua nork sortzen duen jakin beharko genuke".

Garrido: PPko hautagaiak Urkulluri ihardetsi zion enpresa txiki eta ertainek konfiantza behar dutela eta independentzia egitasmoek ez diotela konfiantza hori ematen. Murrizketak non egingo dituen azaltzeko eskatu zion Urkulluri.

Mendiak zerga sistema berri baten beharrari erreparatu zion "krisiari aurre egiteko". "Murrizketarik ez dugu egin; zerbitzu publiko guztiak mantendu ditugu", gaineratu zuen. Garridok ohartarazi zion murrizketak egin dituztela eta pediatra gutxiago daudela.

Mintegik ere aipatu zuen Jaurlaritzak mozketak egin dituela. "Hezkuntzan de facto murizketak egon dira. Ez da egia orain arteko ereduarekin posible denik krisitik ateratzea; beste modu batera planteatu behar da".

Maneiro Garridori mintzatu zitzaion: "Murrizketa sozialen txapeldunak zarete". Besteen eredua zein den galdetzea eta berea ez azaltzea aurpegiratu zion.

Azpiegiturez ere eztabaidatu dute Mintegik eta Urkulluk. Azpiegituretako gastua beharrezkotzat jo zuen Urkulluk; "azpiegiturak eta azpiegiturak daude", erantzun zion Mintegik.

Subiranotasuna

Urkulluk euskal abertzaletasuna defendatu zuen: "Nola izan daiteke euskal abertzaletasuna oso okerra izatea, eta ez, ordea, nazionalismo espainiarra?". Mintegiri ere mintzatu zitzaion: "Oso ondo dago erabakitzeko eskubidea, baina berandu zatoz". Akordioa eskatu zuen Urkulluk. EAJ "XXI. mendeko independentziaren alde" dagoela esan zuen.

Garrido: "Euskadi Europan dago Espainian dagoelako". Independentziak mesfidantza sortzen duela errepikatu zuen PPko hautagaiak. "Gure apustua gure marko juridikoaren aldekoa da, batzen gaituen baliabide garrantzitsu bat izan delako".

Mintegik ñabardura egin zion Urkulluri: "Euskal Herria ez da nazio gisa onartu behar; nazio izan bagara. Estatua onartu behar digute". Akordio zabalen beharra nabarmendu zuen, zailtasunak zailtasun. Gainera, EAJren oinarriei entzutea galdegin zion Urkulluri: "Badago zuen oinarrietan eskari bat: alderdi nazionalistekin batzea".

Maneirok garbi erantzun zuen: "Euskadik ez du etorkizunik Espainiatik eta Europatik kanpo".

Mendiak, berriz, 1979ko estatutua defendatu zuen: "Autogobernua guztion topalekua da". Estatutua "eguneratu" egin beharko dela adierazi zuen, Lurralde Historikoen Legea aldatu ahal izateko.

Felix Gonzalo: "Euskadin independentista alde handi bat dago, eta autonomisten alde handi bat ere bai". Bien arteko akordio bat posible dela adierazi du Gonzalok. "Gure eredua federalismoa da".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.