Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa 2015 Sariaren emate ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian egin dute, eta bertan izan dira, besteak beste, Ana Ollo Nafarroako Gobernuko bozeramailea eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria.
Euskal unibertsitate sistema horrek, "integratua, indartsua eta organikoa" izateaz gain, "lankidetzaz" jokatuko luke. EAEk eta Akitaniak osatutako euroeskualdeari "dimentsio unibertsitarioa" gehitu nahi dio Alvarezek.
Juan Jose Alvarez Rubio zuzenbidean doktoratua da (1993) Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 1996tik Bergarako UNEDeko zuzendari akademikoa. Itsas zuzenbideari, nazioarteko merkataritza zuzenbideari eta zuzenbide foral eta erregioartekoari buruzko liburuak, artikuluak eta lanak argitaratu ditu.
Eusko Ikaskuntzaren jarduera eremuko zazpi unibertsitateetako errektoreen ordezkariek, Eusko Ikaskuntzako presidenteak eta Laboral Kutxako Lurralde zuzendariak osatutako epaimahaiak ekainean erabaki zuen 2015eko Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa saria Alvarezi ematea, eta horretarako nabarmendu zuen Alvarez Rubiok Euskal Herrian zein atzerrian duen proiekzioa eta bere lanen "ikuspegi kritiko eta berritzailea".