Haatik, aldaketa «astiro» egingo dutela esan dute. Ez dute «trantzerik» eragin nahi. Jakin badakite, gainera, administrazioaren armazoia pisua dela, 60.000 langilek baino gehiagok eusten diotela eraikinari. 30 urtean eraikitakoari nondik heldu nahi dioten, handitu edo txikitu nahi duten erabaki beharko dute orain. Iragarri dute egun dauden 11 sailak eta horri lotutako departamentuak «berrantolatuko» dituztela.
Jaurlaritzak zuzenean kudeatzen duen arkitektura instituzionala hiru zutaberen gainean oinarritua dago. Administrazio Orokorra (sailak eta departamentuak), horri lotuta dauden erakunde autonomoak (HABE, Emakunde, Eustat, Osalan...) eta azken urteetan ugari hazi diren zuzenbide pribatuko erakunde eta enpresa publikoak (Osakidetza, EITB, SPRI, EuskoTren, EVE...).
2008-2009 aurrekontuen arabera, orotara 62.636 lagunek egiten dute lan Eusko Jaurlaritzarentzat. Erdiak baino gehiago funtzionarioak dira (32.347). Azken horiei gehitu behar zaizkie Osakidetzan lan egiten duten 24.145 langileak eta gainontzeko enpresa publikoetako 2.996 langileak.
Funtzionarioei «lasai» egoteko esan die Lopezek; berak beste kargu batzuk dauzka begiz jota: goi karguak edo kargu politikoak. Horiek bi multzotan bana daitezke. Alde batetik, sailburu, sailburuorde eta departamentuetakozuzendariak eta, bestetik, haientzat lan egiten duten behin-behineko aholkulariak eta lan kontratua duten zuzendaritza kargudunak: konfiantzazkoak.
Eusko Jaurlaritzara iristearekin bat sailburu eta aholkulariak aldatuko ditu PSE-EEk, baina lan kontratua duten zuzendaritza kargudunak aldatzeak buruhauste gehiago sor ditzake. PSE-EEk jada esan du edozein aldaketa egin aurretik zuzendari bakoitzaren «profesionaltasunari» erreparatuko diola. Baliteke, beraz, baten batek bere karguari eustea. Gaur egun, 125 goi kargudun daude kontratupean.
Herrizaingo Sailean izan daitezke aldaketa esanguratsuenak. Sail hori, Kultura eta Ogasuna bezala, jeltzaleen esku egon da beti; hori dela eta, sozialistek maiz salatu dute horko goi kargudunek harreman estua dutela jeltzaleekin. 2007ko urrian Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Ertzaintzaren zuzendaritza kargudunak ezin zirela «zuzenean» izendatu. Legediak dio «oso egoera berezietan» erabil daitekeela formula hori eta ezin dela %8a gainditu. Goi kargudunak izendatzeko orduan, haiek «isilpeko informazioarekin» lan egiten dutela eta, beraz, agintariekin «konfiantzazko harremana» izan behar dutela argudiatu zuen Herrizaingo Sailak. Azken asteotan zabaldutako informazioaren arabera, 500 bat zuzendaritza kargu daude Ertzaintzan (8.000 ertzain daude).
Oso bestelakoa da sailburuen kasua. Administrazio Orokorreaneta erakunde autonomoetan 205 goi kargudun daude, sailburuak barne. Horiei beraientzat lan egiten duten behin-behineko aholkulariak gehitu behar zaizkie: 104. Gobernu aldaketarekin batera kargua utzi beharko dute; funtzionarioak badira, aurretik zuten lanpostura itzul daitezke.
Sailburuen etorkizuna
EAJk ez zuen sailburu bakar bat ere sartu bere zerrendetan -sailburu izendatzeko, ez da beharrezkoa-; beraz, aurreko legealdian sailburu izandako inork ez du jarraituko Legebiltzarrean. Hala, baliteke Javier Balza Herrizaingo sailburua Jaurlaritzaren zerbitzu juridikoetan zuen lanpostura itzultzea eta Gabriel Inclan Osakidetzan zuen kargura. Funtzionario ez zirenak, Idoia Zenarrutzabeitiak kasu, ez du jarraituko administrazioan, eta litekeena da enpresa pribatura joatea.
Erakunde eta baltzu publikoetan, berriz, zailagoa da zehaztea zenbat goi kargu dauden (enpresa bakoitzaren egituraren araberakoa da hori). Osakidetzan, adibidez, 142 zuzendaritza kargu daude (ospitaleko zuzendariak barne), eta EITBn, 23. Azken asteotako adierazpenen arabera, aldaketak egongo dira enpresa talde horietan. Hala ere, prozesua ez da berehalakoa izango, zuzendariak izendatzeko orduan alde nabarmenak daudelako enpresa batetik bestera. EITBko zuzendari berria hautatzeko -egun hutsik dago kargu hori-, adibidez, Eusko Legebiltzarraren gehiengoaren onespean jaso beharko du Jaurlaritzak proposatutako hautagaiak. Ondoren, bere lan taldea osatuko du zuzendari berriak.Osakidetzan, berriz, Osasun sailburuak berak betetzen du zuzendari kargua, eta haren esku dago zuzendaritza kargudunak hautatzea.
Sektore honetako aurrekontuzatirik handiena hartzen duen enpresa taldea Osakidetza da, enpresa hauei zuzendutako aurrekontuaren %58,8 jasotzen du (4.209.454,6 mila euro, aurrekontu kontabilitate terminoetan); ondoren datoz VISESA (%8), SPRI (%7,9) Euskal Trenbide Sarea (%4,7) eta EITB (%4,6). Beste enpresa garrantzitsu bat Energiaren Euskal Institutua da. Horrek Naturgas eta Euskadiko Eolikoak enpresetan dituen partaidetzak saltzeko konpromisoa hartu du azken legealdian.
Administrazio Orokorraren %50eko partaidetza baino handiagoa duten enpresak dira horiek. Orotara 61 enpresa kudeatzen ditu Jaurlaritzak modu zuzenean; beraz, zuzendaritza berria hautatzeko lehentasuna dauka -gehiengoa dauka administrazio kontseiluetan-.
Horiez gain, badira 70 enpresa inguru Administrazio Orokorraren %50 baino gutxiagoko partaidetza dutenak. Enpresa horietan beste administrazio batzuek, diputazioek eta udalek, aurrezki kutxek eta Jaurlaritzaren menpeko erakunde eta baltzu publikoek hartzen dute parte, besteak beste. Hori gertatzen da Guggenheim museoan, BEC erakusketa azokan, Naturgasen, Euskaltelen...
Enpresa horien kontu ikuskaritzak ez dira Jaurlaritzaren aurrekontuetan ageri. Sozialisten arabera, «ezinbestekoa» da enpresa hauen gaineko informazio eguneratua Jaurlaritzaren esku egotea, Guggenheim eta Balentziaga museoetan eginiko iruzurrak errepika ez daitezen.
Eusko Jaurlaritzaren eraginpeko enpresa taldeak
ZUZENBIDE PRIBATUKO BALTZU ETA ERAKUNDE PUBLIKOAKJaurlaritzaren %50eko partaidetza baino handiagoa duten enpresa taldeak (61 guztira):
Ogasun eta Herri Administrazio Saila: EJIE SA, Finantzen Euskal Institutua.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila: Egailan SA.
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila: EEE Energiaren Euskal Erakundea, CADEM SA, Euskadiko Hidrokarburoen Elkartea SA, Basquetour SA, SPRI SA, Euskal Herriko Arrisku Ka-pitalaren Kudeaketa Sozietatea.
Etxebizitza Saila: VISESA, Bizigune.
Hezkuntza Saila: Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitatea Aztertzeko Agentzia
Osasun Saila: Osakidetza.
Kultura Saila: EITB SA, Euskadiko Orkestra SA.
Ingurumen Saila. IHOBE SA, Uraren Euskal Agentzia.
Garraio eta Herri Lanak: Eusko Trenbideak SA, Euskadiko Kirol Portuak.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila: Neiker SA, Itsasmendikoi SA.
JAURLARITZAREN PARTAIDETZA DUTEN ENPRESA PRIBATUAK
%50eko baino gutxiagoko partaidetza. 70 enpresa baino gehiago. Besteak beste:
Bilbao Exhibition Centre (BEC), Bilbao Ria 2000, Donostiako Zinemaldia, Guggenheim Museoa, Donostia Physics Centre, Euskaltel, Naturgas, Iparlat.
Goi karguak ordeztea garesti atera dakioke Jaurlaritzari
Kontratupeko goi kargudunek 70.248 euro kobratzen dituzte urtean. Egun indarrean dagoen araudiaren arabera, kargutik kendu eta langabeziara badoa, lan egindako urte bakoitzeko hiru hilabetekoa jasoko du, eta guztira gehienez lau urtekoa. Zuzendari batzuek legealdi bat baino gehiago egin dute karguetan.49
Emakumezkoak zuzendaritzetan. Eusko Jaurlaritzan 133 zuzendaritza daude. Haietatik 49tan emakumezkoak dira buru. Eusko Legebiltzar berrian, berriz, 33 emakumezko egongo dira (%42,6), amaitu den legealdian baino bost gutxiago.Krisialdi ekonomikoa dela eta, parlamentarien eta Eusko Jaurlaritzako goi kargudunen soldatak bere hartan mantentzea erabaki zuten iaz. Azken legealdian, baina, %10 inguru igo zituzten soldatak, KPIaren gainetik.
Krisialdi garaiko soldata publikoak
J. Sagarzazu. DonostiaAurten ez dituzte igoko beren soldatak, baina Hego Euskal Herrian hobekien ordainduta dauden politikariak izaten jarraituko dute Eusko Legebiltzarreko parlamentariek eta Jaurlaritzako goi kargudunek. 2008-2009ko aurrekontuen arabera, Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren urteko soldata gordina 105.426 eurokoa da, bestelako gastuak kontuan hartu gabe; legebiltzarkideena, berriz, 70.584 eurokoa. Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidenteak, berriz, 79.870 euro jaso zituen iaz, eta Nafarroako Parlamentuko kideek, 52.000 euro inguru. Hego Euskal Herriko foru aldundi eta hiriburuetako udaletako buruen soldaten batez bestekoa 85.000 eurokoa da. Administrazio bakoitzak eskumena dauka politikari eta goi kargudunen ordainsariak zehazteko.
Hurbileko agintariei erreparatuta, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak 91.982 euro jaso zituen iaz, eta Espainiako Gorteetako parlamentariek, 90.000 euro (plusak barne). Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak 240.000 euro inguru kobratu zituen 2008an -presidentetzara iritsi zenean soldata %140 igotzea erabaki zuen-.
Krisialdi ekonomikoa dela eta,Eusko Jaurlaritzako eta Legebiltzarreko goi kargudunek beren soldatak bere hartan uztea erabaki dute. Nolanahi ere, aurreko urteetako aurrekontuei erreparatuta, azken hiru urtean legebiltzarkideen soldatak batez beste %10 inguru igo dira. 2007. eta 2008. urteetan metatutako Kontsumo Prezioen Indizea (KPI) baino handiagoa izan da igoera hori: %4,2 2007an eta %1,4 2008an. Hala, Jaurlaritzako lehendakariak eta sailburuek10.000 euro gehiago jasoko dute aurten duela hiru urte baino. Antzeko igoera izan dute Eusko Jaurlaritzako Administrazio Orokorreko funtzionarioek ere: %3,5 inguru igoko da haien soldata aurten.
Legebiltzarreko gainontzeko kideei dagokienez, Mahaiko presidenteak 99.377 euroko soldata izango du eta mahaiko kideena 83.573 eurokoa izango da. Legebiltzarkide arrunten kasuan bezala, diru kopuru horiei telefono gastuak eta bidaia dietak gehitu behar zaizkie. Halaber, bizi den lurraldearen arabera, urteko 4.400 euro gehiago kobratuko du Araban bizi den legebiltzarkideak, 6.516 euro Bizkaian bizi denak eta 7.152 euro gehiago Gipuzkoatik bidaiatu behar duenak. Parlamentari batek bozeramaile lanak egiten baditu, 500 euro gehiago kobratuko du hilean.
Bestalde, hiru legebiltzarkide edo gehiago dituzten alderdiek diru kopuru jakin bat jasotzen dute legebiltzar taldea osatzeagatik. 2009ko aurrekontuetan jasotzen denez, talde bakoitzak (EAJk, PSE-EEk, PPk eta Aralarrek dute taldea osatzeko aukera ) 219.360 euro jasoko du urte bakoitzeko. Alderdi horiek, halaber, eserleku bakoitzeko 36.552 euro jasoko dute urtean.
Lehendakarien pentsioak
Jaurlaritzako sailburuek eta Legebiltzarreko kideek pentsio planak eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute, baita jarduera utzi ondoren gutxienez urtebetez kalte-ordaina jasotzekoa ere. Eusko Jaurlaritzako lehendakariak kargua utzi ondoren legealdiko azken urtean zuen soldataren erdia jasotzeko eskubidea du (50.000 euro inguru urtean), bizi osorako pentsioa baten bidez. Horrez gain, denbora horretan bulegoa, autoa eta idazkari pertsonala ordainduko dizkio Jaurlaritzak.
Soldata gordinak urteko
Eusko Jaurlaritzako lehendakaria . 105.425,69 euro
Lehendakariordea . 98.996,72 euro
Sailburuak . 92.973,30 euro
Sailburuordeak . 83.252,61 euro
Departamentuetako zuzendariak . 70.248,25 euro
Mahaiko presidentea . 99.377 euro
Mahaiko kideak . 83.573 euro
Legebiltzarkideak. 70.584 euro
Enpresa eta baltzu publikoetako zuzendariak . 85.000 euro (batez beste)