HEZKUNTZA

Eusko Jaurlaritza: "Erabateko autonomia dugu bekak arautzeko"

LOMCE ez ezartzeko, "bere esku dituen neurri guztiak" hartzeko eskatu dio Lurdes Imaz koordinatzaileak Eusko Jaurlaritzari.

2013ko ekainaren 26a
11:14
Entzun

Unibertsitate ikasleei bekak emateko baldintza gisa, gutxienez 6,5eko nota izatea proposatu zuen herenegun Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak. Atzera egin zuen atzo, eta ñabartu zuen "berrikusi" egingo duela langa hori.

Gai horren inguruan jardun du gaur Radio Euskadin Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak. "Erabateko autonomia dugu bekak arautzeko"; esan du, eta gaineratu Jaurlaritzak bermatu egingo duela unibertsitatean ikasi nahi duen orok hala egin ahal izatea.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Espainiako Lege Organikoaren (LOMCE) inguruan, Aurrekoetxeak ohartarazi du araua ez dela Jaurlaritzaren gustukoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "gainditutako helburuak" ezartzen dituelako.

Gurasoen "desobedientziarako deia"

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak dei egin die hezkuntza arloko eragile guztiei eta Eusko Jaurlaritzari, "desobedientziaz" erantzuteko LOMCEri.

Radio Euskadin elkarrizketatu dute Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzailea, eta bertan oroitarazi du lege proposamena aurkeztu zenetik egitasmoaren kontra agertu zela "hezkuntza eragileen gehiengo zabala".

Imazek nabarmendu du hezkuntza sistema "osoari" egingo diola kalte legeak, eta horregatik Jaurlaritzari eskatu dio "bere esku dituen neurri guztiak har ditzala" araua ezar ez dadin.

"Ezartzen bada, guk argi dugu beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugula ikastetxeei ez eragiteko. Ez dugu aukerarik baztertzen", esan du Imazek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.