Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila oraindik ez da Lander Arbelaitz Argia aldizkariko kazetariarekin harremanetan jarri ostiraleko erasoaren inguruan azalpenak emateko. Hala baieztatu dio kazetariak berak BERRIAri.
Arbelaitzi Ertzaintzak eginiko erasoak harrabotsa sortu zuen atzo. Erasoaren bideo bat jarri zuen atzo sarean Aske Guneak, eta egun bakarrean gaur goizerako 30.000 bisita izatera heldu da.
Bertan ikusten denez, ertzain ugari oldartu zitzaizkion Arbelaitzi, eta kazetari kreditazioa erakusten saiatu bazen ere, lurrera bota zuten. Oihuka esan zien sarri ertzainei kazetaria zela, baina kolpe ugari jaso zituen. Bideoan entzuten denez, "hil dadila" esaten du ertzainetako batek.
Egoera lasaitzen ari zela zirudien une batez, baina orduan ertzain bat Arbelaitzen atzetik joan eta hiru poliziaren artean heldu zuten. Gainerako kazetariak zeuden lekura eraman zuten indarrez: Bulebarreko kioskora.
EKEren gaitzespena
Argia aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzi Ertzaintzak ostiral goizaldean egindako erasoa gaitzetsi du EKE Euskal Kazetarien Elkarteak. Kazetarien lana Bulebarreko kioskora mugatu izana ere salatu du elkarteak: "Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta baita gizarteari orokorrean, honelako erabaki bat soilik justifikatuta dagoela kazetariek poliziaren lana ez eragozteko edota beraien burua arriskuan ez jartzeko. Baldintza hauek nekez ematen dira kontzentrazio baketsuetan".
"Kezka" eta "sumina" agertu du elkarteak Ertzaintzaren jokabidearekin. "Ez da lekuko deserosorik saihestu behar kamarak eta erreportariak poliziaren parte-hartze tokietatik urrunduz. Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute herritartasunaren informazioren eskubidea bermatu ahal izateko".
Gainera, elkartasuna adierazi dio Arbelaitzi.
BERRIAko langileen oharra
BERRIA egunkariko langile batzordeak ere oharra kaleratu du. Hau da oharraren mami osoa:
1. Gure elkartasuna adierazi nahi diegu Argia-ko kazetari Lander Arbelaitzi eta Argia taldeko langileei.
2. Ozen salatu nahi dugu Donostiako Aske Gunean, apirilaren 19an, Ertzaintzak Lander Arbelaitz kazetariarekin edukitako jarrera oldarkorra, bortitza eta neurrigabekoa. Ertzaintzak Arbelaitzen kazetaritza lanerako eskubidea zanpatu zuen, nahiz eta Arbelaitzek behin eta berriz adierazi lanean ari zela, alegia, kazetaritzaren funtzio soziala egiten ari zela. Kazetaria zela jakinarazi zuen, ertzainek ederki entzuteko moduan, kazetari karneta erakutsiz une oro. Hala ere, jo, zanpatu eta bihurritu egin zuten, eta indarrez eraman Bulebarreko kioskora.
3. Ozen salatu nahi dugu, baita ere, Ertzaintzak Bulebarreko kioskoa kazetarientzako itxitura bihurtu izana, adierazpen askatasuna mugatuz.
4. Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu aitor dezala ertzainek onartezinezko jokabidea eduki zutela Lander Arbelaitzekin; barkamena eska diezaiola emandako tratuagatik; barne ikerketa bat zabal dezala gertatutakoaren arduradunak aurkitzeko; eta berma dezala ez duela berriro urratuko adierazpen askatasuna.