Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Saila hasi da erreskateak kobratzen, gaur prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. 2.417,41 eurokoa izan da haren lehen faktura, Ertzaintzak eskalatzaile bat helikopteroan erreskatatu behar izateagatik. Mendizalea federatuta dago, eta asegurua bazeukan; honi kobratuko diote.
Herrizaingo Sailak arrisku handiko jardueratzat jotzen du eskalada, eta esan du aipatutako erreskatean baliabide asko erabili behar izan zituela.
Eusko Legebiltzarrak iazko abenduaren 22an erabaki zuen aurtengo urte hasieratik kasu batzuetako erreskateak kobratzen hastea. Itsaspekaritza, surfa, arroil jaistea, eskalada, espeleologia, motokrosa, zaldi gaineko turismoa, eskia, parapentea eta kaskorik gabeko bizikleta jardueretan ibiltzean istripua izanez gero, segururik ez duten lagunek ordaindu egin beharko dute erreskateagatik.
Tarifak: operatiboko ertzain bakoitzeko 37 euro, ibilgailu bakoitzeko 39 euro, helikopteroa erabiltzeagatik 2.155 euro, hemezortzi metro baino txikiagoko itsasontzi bakoitzeko 394, hemezortzi metro baino handiagoko itsasontziko 2.077...