Eusko Jaurlaritzak %3,3 gutxitu du hezkuntzarako aurrekontua

AHTaren Gipuzkoako zatia egiteko, 275 milioi euro jarriko ditu Garraio Sailak, iaz baino %22 gehiago

Erredakzioa
Gasteiz
2010eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak diru gutxiago jarriko du datorren urtean hezkuntzarako; zehazki, iaz baino %3,3 gutxiago. Guztira 2.713 milioi euroko aurrekontua izango du Isabel Zelaak gidatzen duen sailak, eta diruaren %35 Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan erabiliko dute. Haur eta Lehen Hezkuntzako etapetan antzera gastatuko dute. Sare kontzertatuko ikastetxeek apur bat gutxiago jasoko dute: 0,66 gutxiago. Guztira, 558 milioi euro izango dituzte.

Asmo horiek atzo azaldu zituen Isabel Zelaak Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. 2011. urteko aurrekontuaren ildo nagusiak aurkeztu zituen. Haren esanetan, datorren ikasturtean batez ere ikerkuntza sustatu nahi dute: aurten 52 milioi euro eman dituzte ikerkuntzarako, eta datorren urterako diru saila ia bikoiztu egin dute (74,7 milioi euro). Lanbide Heziketarako 52 milioi euro emango dituzte, eta horietatik 20 milioi hasierako kualifikazio planetan gastatuko dituzte. Ekipamenduak berritzeko, sei milioi euro aurreikusi dituzte. Ikasleentzako diru laguntzak%5,5 handitu dituzte: 85,4 milioi euro. Horietatik 55 milioi unibertsitatez kanpoko ikasketetarako dira.

Eskola 2.0 programarako ere gorde dute dirua. Iaz hasi zuten egitasmoa, 5. mailako ikasleekin, aurten 6. mailara zabaldu dute, eta datorren ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza osoan martxan egotea da Hezkuntza Sailaren asmoa.

Hiru eleko hezkuntza esparrua da legegintzaldi honetako beste egitasmoetako bat, eta 10,4 milioi jarriko dituzte. Halaber, Bakerako Hezkuntza Plana abian jartzeko, 2,7 milioi euro aurreikusi dituzte. Sailburuak gogorarazi zuen ikastetxe guztiek prestatu beharko dituztela euren planak.

Etxebizitza eta Garraio Saila

Iñaki Arriola Etxebizitza eta Garraio sailburua ere izan zen atzo Legebiltzarrean datorren urteko aurrekontua aurkezten. Garraio Sailak 591,8 milioi euro kudeatuko ditu, eta aurrekontuaren erdia Gipuzkoako AHTaren zatia egiteko baliatuko dute; zehazki, 275 milioi euro, iaz baino %22 gehiago. Urtea amaitu aurretik Gipuzkoako zatiak dituen 20 zatietatik 11tan lanak hasita egongo direla aurreratu zuen sailburuak.

Etxebizitza Sailak, bestalde, 776 milioi euroko aurrekontua izango du , iazkoaren antzekoa, eta 2011n eraikiko dituzten etxebizitzen %35 alokairu sozialean jarriko dituztela jakinarazi zuen Arriolak. Guztira, urtea amaitzerako, beste 22.000 etxe eraikita nahi ditu sailburuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.