Ikerketak

Eusko Jaurlaritzak 42 milioi euro bideratuko ditu lau urtean «bikaintasuneko» ikerketara

Aurreko lau urteetako deialdiarekin alderatuta, finantzaketa %20 handitu du Hezkuntza Sailak. 200 ikerketa talde finantzatu nahi dituzte.

Morais eta Eskisabel, gaur goizean Donostian egindako agerraldian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2021eko irailaren 24a
12:17
Entzun

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak nabarmendu du «ikerketaren aldeko apustua» egiten jarraitu nahi dutela. Hori horrela, 2022tik 2025era 42 milioi euro bideratuko dituzte «bikaintasuneko» ikerketara. Donostian gaur goizean egindako prentsaurrekoan eman dituzte deialdiaren nondik norakoak Adolfo Morais Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak eta Amaia Eskisabel Ikerketako zuzendariak. Asteazkenetik zabalik dago deialdia EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Deustuko Unibertsitateko ikerketa taldeentzat, eta hilabeteko epea izango dute izena emateko.

Deialdia indartu dute bai finantzaketari dagokionez, bai ikerketa taldeen kopuruari dagokionez ere. Hain zuzen, aurreko lau urteetako deialdiarekin alderatuta, diru kopurua %20 areagotu du Hezkuntza Sailak. Horrekin 200 talde finantzatu nahi dituzte gutxienez —aurreko lau urteetan 170 izan dira—. Orotara, 3.000 profesionalen lana ordaindu nahi dute.

Moraisen hitzetan, diru laguntza lortu nahi duten ikerketa taldeek «ebaluazio zorrotza» gainditu beharko dute. Unibasq Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentzia arduratuko da lan horretaz. Besteak beste, kontuan hartuko dute proposatutako helburuek «izaera berritzailea» edukitzea, I+G+B arloko lanen kalitatea eta taldearen produktibitate zientifikoa. Gainera, emakumeen lidergoa lehenetsi dute, eta puntu bat gehiago eskuratuko dute emakumeek gidatutako taldeek.

Jakintza arloei dagokienez, bost esparrutako lanak finantzatuko dituzte: aurrekontuaren %40 zientzia esperimentaletarako erabiliko dute; %21, ingeniaritzarako eta arkitekturarako; %16, osasun zientzietarako; %15,2, gizarte zientzietarako eta zientzia juridikoetarako; eta %7,8, arterako eta giza zientzietarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.