Espainiako Gobernuak Eusko Jaurlaritzaren ekimenaren aurka "judizializazio prozesua" abian jarritako duela azpimarratu du Irazabalbeitiak, eta Ibarretxeren exekutiboari "jarrera tinkoa" izateko eskaera egiten dio. "Konfrontazio demokratikoari eusten badio, atzera egiten ez badu, gizarte zibila inplikatzen badu, eta bestetik, kontsentsu zabal baten bila abiatzen bada indar sindikalekin, herri mugumenduekin, Batasunarekin eta Aralarrekin, hortik egingo dugu aurrera", nabarmendu du Aralarreko kideak.
Eusko Jaurlaritzak landu duen proposamenak "egoera politiko interesgarria" jarri duela mahai gainean esan du Irazabalbeitiak, eta "autogobernuaren fase bat" gainditu dela. "Orain autogobernu gehiagoren mailan sakondu behar da, eta Aralarrek adostasun maila horretan parte hartu nahi du", adierazi du. PP prozesu honen aurka "gogor" jokatzen ari dela nabarmendu du, eta PSE-EEren jarrera ez duela ulertzen gaineratu, "eztabaidara itxi eta PPren posizioetara hurbiltzen baita".
Jaurlaritzaren proposamena "motz"
Jaurlaritzaren planak independentzia aldarrikatzen dutenen nahiak ez dituela asetzen esan zuen iragan astean Aralarrek, baina testuan inplizatuki jasotzen dela nabarmendu du. "Autodeteminaziorako eskubidea ere ez du explizituki jasotzen, baina hor dagoen kontu bat da, eta berdin gertatzen da sezesio eskubidearekin", adierazi du Inaki Irazabalbeitiak. Bestalde, Nafarroari eta Ipar Euskal Herriari egiten zaizkion aipamenetan "motz" geratzen dela dio, eta Aralarrek Euskal Herria subjektu bakar bat bezala ikusten duela nabarmendu. "Subjektu bakarra bai, baina erritmo ezberdinekin. Nola artikulatu behar dira Nafarroarekiko eta Ipar Euskal Herriarekiko harremanak? Hori da gure buruari jarritako erronka", azpimarratu du.
Batasunaren ildo jarraitzen duen ezker abertzaleak abian jarritako Nazio eztabaidan eta Udalbiltzan ez dutela aktiboki parte hartzen esan du Irazabalbeitiak, "adostasun minimo batzuk eman behar direlako", baina behatzaile bezala jarraipena egiten ari direla. Hala, ETAren borroka armatuak Euskal Herriaren egituratze sozial eta politikoari kalte egiten diola nabarmendu du, eta horregatik "ETAri berehalako su-etena" eskatzen diote, Espainiako Gobernuari "euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko" eta oinarrizko lan-tresna bezala elkarrizketa azpimarratzen du.
Aralarren proposamena bost hil barru
Irazabalbeitiak adierazi duenez, bost hilabete barru aurkeztuko du Aralarrek bere proposamen politikoa. Lehenengo zirriborroa datorren astean landuko dutela esan du, eta Euskal Herriaren egituraketa, bake prozesua, lurraldetasuna jartzen dituzte ardatz bezala, "hiru errealitate juridiko politiko ezberdin daudela aintza hartuz". Hala, Ibarretxe lehendakariari bilera bat egiteko deia egin dio, "prozesu honetan parte hartu nahi dugulako".
Barrura begira, berriz, Aralar alderdia sendotzen ari dela azpimarratu du. "Gure erronka Aralar alternatiba logiko, eraginkor eta zilegia nahi dugu, ezkerreko alternatiba bat, orain arte zentro eskuinak agindu baitu Euskal Herrian, eta bost urte barru hor egotea espero dugu", gaineratu du.
Politika
Eusko Jaurlaritzak adostasuna bilatu eta bultzatu behar duela azpimarratu du Aralarrek
Inaki Irazabalbeitia Aralarreko koordinatzaile nagusiordeak gaur Euskadi irratian adierazi duenez, Madrildik etorriko diren "erasoei aurre egiteko premiazko da guztien arteko adostasuna, "baina Eusko Jaurlaritzak erasoa ikusirik atzera egiten badu, galera handia izango da". Gasteizko Gobernuari "adostasuna bilatu eta bultzatzeko" deia egin dio Irazabalbeitiak, eta ezinbesteko iruditzen zaio gizarte zibila aktibatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu