Espainiako Gorteetarako hauteskundeak

Eusko Jaurlaritzak alderdien «berdinketa teknikoa» ikusi du, bere inkestan oinarrituta

EAJk, PSE-EEk eta PPk lau-bosna eserleku lortuko lituzkete Espainiako Kongresuan, eta Amaiurrek hiru-bost arteanNafarroan UPN-PP garaile, eta Amaiurrek eta PSNk eserleku bana, hedabideen arabera

Erredakzioa
2011ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Datorren azaroaren 20ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan «berdinketa teknikoa» egongo da alderdi politikoen artean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako emaitzetan, Eusko Jaurlaritzak atzo argitara emandako inkestaren arabera. Hortaz, «hondarreko zenbaketak» garrantzi handia hartuko du bihar zortziko hauteskunde gauean, Eusko Jaurlaritzak egin duen interpretazioaren arabera.

Amaiur hauteskunde lehian sartu izanak «berdinketa» hori bideratzeaz gain, PSE-EEren eta EAJren duela lau urteko emaitzak ez errepikatzea eta eserlekuak galtzea ekarriko luke, Victor Urrutia Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen arduradunak azaldu duenez.

Gauzak horrela, Amaiurrek hiru eta bost diputatu artean eskuratuko lituzke Euskal Autonomia Erkidegoan —2008an baino3-5 gehiago—, eta jeltzaleek, sozialistek eta popularrek, berriz,4-5na —jeltzaleek 2008an baino 1-2 gutxiago, sozialistek 4-5 gutxiago eta popularrek 1-2 gehiago—.

Maiatzeko udal eta foru hauteskundeetako garaile berak izango lirateke lurraldeka: Araban, PP; Bizkaian, EAJ; eta Gipuzkoan, Amaiur.

Lurraldeka, Araban PPk botoen %30 eskuratuko lituzke (1-2 eserleku); PSE-EEk %24,7 (1); EAJk %19 (0-1) eta Amaiurrek %18 (0-19).

Bizkaian, berriz, EAJk botoen %29,4 eskuratuko lituzke (3 diputatu); PSE-EEk, berriz, botoen %22 (2); PPk %21 (2) eta Amaiurrek, berriz, %19,1 (1).

Gipuzkoan Amaiurrek eskuratuko luke boz gehien, botoen %36,3rekin, eta bi edo hiru diputatu lortuko lituzke; PSE-EEk jarraituko lioke, %21,8rekin (1-2); EAJ litzateke hirugarren indarra (%19 eta diputatu bat); eta PP laugarrena %15ekin (diputatu bat).

Nafarroan, bi inkesta

Bat ez, bi inkesta argitaratu ziren atzo Nafarroan, kasu honetan hedabideek argitaratutakoak. UPN-PPk irabaziko luke, bi edo hiru diputaturekin, eta PSNk eta Amaiurrek diputatu bana lortuko lukete ziurrenera, inkesta horiek betez gero.

Diario de Navarra-k argitaratutakoak hiru diputatu ematen dizkio UPN-PP koalizioari; PSNk egun dituen bietatik bakarrari eutsiko lioke, eta Amaiurrek eramango luke NaBaik orain arte eduki duena. Azken diputatu hori, dena den, PSNk edo Geroa Baik ere kenduko liokete Amaiurri.

Diario de Noticias-ek, berriz, bi eserleku aurreikusi dizkio UPN-PPri, eta bana PSNri eta Amaiurri. Bosgarren diputatua Geroa Bairen eta UPN-PPren artean legoke, inkesta horren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.