Politika

Eusko Jaurlaritzak azkenean bihar onartuko du galdeketarako lege proposamena

10:30etik egingo du ezohiko batzarra, eta Ibarretxek ondoren hedabideen aurrean aurkeztuko du proposamena. "Akordio politikoak alderdi eta ordezkari politikoei dagozkie, eta ETAk desagertu egin behar du. Zer gaitzespen zorrotzagoa hori esatea baino", esan du Azkaratek gaur.

2008ko maiatzaren 27a
14:20
Entzun
Azkenean etzi ez -atzo zabaldu zen bezala-, baizik eta bihar onartuko du Eusko Jaurlaritzak urriaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan egin nahi duen herri galdeketarako lege proposamena, Miren Azkarate Jaurlaritzako bozeramaileak gaur esan duenez.

Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak 10:30erako deitu ditu gobernuko sailburuak. Gasteizen egingo dute batzarra - ezohikoa-, Ajuria Enean. Ibarretxek berak lege proposamena 11:30etik azalduko du hedabideen aurrean.

Ekimen horren helburua proposamenari "segurtasun juridikoa eta politikoa ematea" da, Azkaratek dioenez.

Ekimenak bi galdera jasoko ditu. "Printzipio etikoari" buruzkoa izango da lehen itauna; indarkeria baztertzearen ingurukoa. 'Gaitzespena' hitza ez da azalduko. "ETA dagokion lekuan jarri nahi dugu. Akordio politikoak alderdi eta ordezkari politikoei dagozkie, eta ETAk desagertu egin behar du. Zer gaitzespen zorrotzagoa hori esatea baino", esan du gaur Azkaratek.

Bigarrena galdera "printzipio demokratikoari" loturikoa izango da, "euskal alderdiak, bazterketarik gabe, negoziatzen hasteko, normalizaziorako akordioa lortzeko helburuarekin".

Hala ere, tramitera artikulu bakar gisa aurkeztuko du Jaurlaritzak proposamena. Hortaz, ekimenak ez du helegiterik onartuko eta osotasunean baiezkoa edo ezezkoa eman beharko zaio, idazkiari aldaketarik egiteko aukerarik gabe. Tramiteak azkartu eta proposamena Eusko Legebiltzarrera ekainaren 27an eramatea ahalbidetuko du horrek.

Beraz, lege proposamena izango da Eusko Legebiltzarrak bozkatuko duena eta Legebiltzarrak ekimena ontzat ematen badu, herri galdeketak lege izaera izango du. Espainiako Gobernuak galdeketa egiteko aukerari Espainiako Auzitegi Konstituzionalean helegitea aurkeztu ahal izango dio baina, Azkarateren esanetan, ordurako "segurtasun juridikoa" izango du ekimenak.

PSE-EEk eta PPk esana dute ez dutela Ibarretxeren proposamena onartuko. 33 legebiltzarkide dituzte bi alderdi horiek. EAJk, EAk eta EBk 32. Aralarrek bat. Gauzak horrela, EHAK (bederatzi) erabakigarria izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.