INGURUMENA

Eusko Jaurlaritzak babes berezia sustatu nahi du 20 hezegunetan

«Garapen basatiak» hainbat esparru oparo desagerrarazi zituela salatu du Sabin Intxaurragak

2005eko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak babes berezia sustatu nahi du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 20 hezeguneren gainean Hezeguneen Arloko Lurralde Planaren bitartez. Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburu Sabin Intxaurragak aurkeztu zuen atzo, Lakuan, Bioaniztasun zuzendari Josu Erkiagarekin batera.

Sailburuaren esanetan, plana «oso tresna garrantzitsua» izango da hezeguneak babesteko estrategian. Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak iazko udan onartu zuen dokumentua eta azaroren 19an sartu zen indarrean. Edukien berri atzo eman zuten Hezeguneen Nazioarteko Eguna zelako.Planak hiru multzotan sailkatu ditu hezeguneak: zaindu beharreko tokietan egoteagatik dagoeneko berezko babesa duten natur parkeetan nahiz biotopoetan direnak, babes berezia sustatu beharrekoak eta garrantzi gutxiago izanda ere udalerriek gogoan hartu beharreko asko eta asko.Eusko Jaurlaritzak asmoa du guztien gainean lan egiteko, baina bigarren multzoari arreta berezia emango zaio. Erkiagak hala esan zuen: «Hezegune bakoitzak kontserbazio egoera jakin bat duenez gero, ekimen propioak eratu beharko ditugu». Esaterako, Leako Ibarreko hezegune guztien %80 inguru ondo daude, baina Barbadun ibaiaren aldean diren gehienak, berriz, nahiko gaizki kontserbaturik daude. Tokian tokiko erakundeek ere esku hartu beharko dutela aipatu zuen. Zuzendariaren ustez, hemendik aurrera «planifikazio lan mardula» egin beharko da hezegune horien inguruan.

«Apurtzeko arriskua duten «ekosistema aberatsak»

Intxaurragaren arabera, hezeguneak «oso ekosistema aberatsak» dira, baina, era berean, babestu ezean, «apurtzeko arrisku handia» dutela ohartarazi zuen. Sailburua kexu agertu zen garai batean izandako «garapen basatiak» hainbat eta hainbat alderdi desagerrarazi zituelako.

Urdaibairen adibidea ipini zuen. «Gaur egun denok harro sentitzeko moduko tokia» izan arren, hirigintzaren mehatxuaren pean izan zen», gogoratu zuen eta, garatu izan balitz, «hainbat alderdi oparo» betiko galduko zirela adierazi zuen.Intxaurragak gogora ekarri zuen Bilboko Areatza edo Ansioko Ibarra hezeguneak izan zirela orain dela hamarkada batzuk. «Berandu ibili gara, ordea, eta, adibidez, Ansioko ingurunea alferrik galduta daukagu aspaldiko partez». Eusko Jaurlaritzak onartutako planak horrelako arazoak garaiz konponduko dituela erantsi zuen.Salburuaren kasua ere nabarmendu zuen, tokian tokiko erakundeen «arretaren» adibidetzat hartuta. Hala, biotopo edo parkea ez bada ere, Gasteizko Udalaren ekimenari esker galduz zihoan hezegunea babestea lortu dela azpimarratu zuen.Erkiagak azaldu zuen Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalek Eusko Jaurlaritzaren planaren irizpideak sartu beharko dituztela eta gomendio gisa hartu behar dituztela soil-soilik hiri-planeamendua hasita dagoen tokien kasuan.

Natura Babesteko legea zabaldu ezinik

Intxaurragak aitortu zuen bere helburua zela legegintzaldi honetan Natura Babesteko legea zabaltzea. Sailburuak nahi zuen beste babes mota batzuk indarrean ezartzea, legeak gaur egun ezagutzen dituenez gain (natur-parkeena, biotopoena eta zuhaitz jakin batzuena). Hala eta guztiz ere, hori datorren udaberrian abiatuko den legegintzaldian egin beharko dela esan zuen.

Eusko Jaurlaritzak 325 hezegune zehaztu ditu Euskal Autonomia Erkidego osoan. Horietako sei daude RAMSAR zerrendan (garrantzi handiko nazioarteko sailkapena da, 1971. urtean Iranen izenpetua): Txingudi, Urdaibai, Salburua, Gesaltza Añana, Arreoko lakua, Guardiako padurak eta Uribarri Ganboako urtegikoak.Hezeguneen Arloko Lurralde Plana onartu dute Garapen Jasangarriaren aldeko Estrategiak agindu zuenari jarraikiz.

-

Datua





325

Eusko Jaurlaritzaren arabera, 325 hezegune daude gaur egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Honako hiru multzo hauetan sailkatu ditu:

Babestutakoak: 27 hezegunetan babesa dago, berez, natur parke edo biotopo batean egoteagatik.

Babestu beharrekoak: Arloko Lurralde Planak babes berezia indarrean ezarri nahi du 20 hezeguneren gainean.

Gainerakoak: garrantzi gutxiagoko 278 hezegune daude. Lakuaren plangintzak zehaztu egin ditu udal bakoitzak aintzat hartu eta nolabaiteko babesa eman dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.