«Beste pauso bat eman beharrean egongo gara, izango dugun exijentzia maila asebete nahi izanez gero. Bide berriak beharko ditugu», esan zuen atzo, Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak. Azken hamar urteetan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izandako donazioei eta organo aldaketen buruzko datuak aurkeztu zituen.Inclanen arabera, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko organo emaileen kopurua munduko altuenetakoa da. Alde batetik, gizartearen «egundoko elkartasunak» donazio kopuru handia ahalbideratzen duelako. Baina, bestalde, «osasun zerbitzuen ganorazko antolakuntzak» posible egiten duelako emandako organoak aldaketara programetara bideratzea: «Ez da aski jendearen borondatea, bitartekoak ondo kudeatu behar baitira».Alabaina, nazioarteko tasarik onenak izanik ere, ez da iristen organo aldaketen eskaera asetzera. Nahiz eta bizitzeko itxaropena luzatu eta trasplanteak egiteko teknikak hobetu. Osasun sailak bizirik diren pertsonen donazioa lortzeko bidea urratuko du, batez ere giltzurrunak (bi izanda ere, batekin bizitzea badagoelako) eta gibelak (zati bat kenduta, organoa berriro sortu egiten baita berez) jasotzeko.Inclanek garrantzia kendu zion bizidunen organoak emateko ekimenaren zailtasunari. Alde batetik, «beharrezko legedia» baitago, eta «segurtasun neurri guztiekin prozesua zorrotz kontrolatzeko modua» eskura dutelako. Gainera, ez da izango bizidunekin egiten den lehena, gaur egun hezur-muinarekin egiten baita.Dena den, sendien donazioak sustatuko dira batez ere, ahalik eta familia-harreman zuzenena izateak murriztu egiten baititu errefusak gertatzeko arriskuak.
Aldaketak donazio nahiz transplanteetan
Osasun Sailak somatu du hamar urteren bueltan zenbait aldaketa gertatu direla donazioetan eta organo aldaketetan.
Adibidez, izugarri jaitsi da donaziorik egiteko baimenik ematen ez duten hildakoen familien kopurua: hiru aldiz gutxitu da 90eko hamarkadatik hona. Era berean, organoa ematen duenaren soslaia ere bestelakoa da: lehen auto istripu batean hildako pertsona zen nagusi, baina gaur egun garuneko infartuak jota hiltzen dena da.Beste alde batetik, Inclanek begi onez ikusi zituen organoren bat jasotzeko zain direnen itxaron-zerrendak: «Europako toki batzuetan gutxiago itxaron behar da, baina egia da, era berean, zenbat eta organo gehiago eduki, eskaera orduan eta handiagoa dela, hemen gertatzen den bezalaxe».Sailburuak pozik esan zuen organo aldaketen kopurua oso handia dela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian,giltzurrunen eta gibelen kasuetan batez ere. Halaber, iaz hasi zen transplantea egiten GIB birusa zuten hiru laguni eta emaitza onak izan dituzte.
-
DONAZIOA
Organoak lortzeko programa zazpi ospitaletan
Korneo aldaketak lehendabiziko aldiz 60ko hamarkadan egin baziren ere, 1977. urtea abiapuntutzat hartu ohi da, orduan hasi baitzen organoen donazioa. Piska bat geroago abiatu zen giltzurrunak aldatzeko programa (gibelarenari 1996an ekin zitzaion); baina, Gabriel Inclan Jaurlaritzako osasun sailburuaren irudiko, 1986an gertatu zen «mugarria»: Koordinaketa Taldeasortu zen orduan. Inclanek uste du gainerakoak baino dezente lehenago hasteak ekarri duela gaur egun punta-puntan egotea. Esaterako, Gurutzetako Ospitalean giltzurrun aldaketen munduko tasarik onenetakoa dute (gibelen aldaketan, berriz, ez du hain tasa ona). Organoak lortzeko programaren barruan daude, Gurutzetako ospitalaz gain, Donostiako Ospitala, Basurtokoa, Galdakaokoa eta Gasteizko Santiagokoa eta Txagorritxukoa.Ospitale pribatuei dagokienez, baita Gipuzkoako Poliklinika ere.