Eusko Jaurlaritzak Espainiako Alderdien Legea desagertzeko eskatu du

Giza zibil eta politikoen aldeko plana onartu du, eta euskal presoen kontrako espetxe politika bukatzeko edota Auzitegi Nazionalaren desagerpena ere eskatu du. 'Egin' eta 'Egunkaria'-ren itxieren egoerari buruzko txostenak egingo ditu.

2007ko uztailaren 6a
18:50
Entzun
Eusko Jaurlaritzak eskubide zibil eta politikoen defentsarako plana onartu du eta, gaur eguerdian Miren Azkarate bozeramaileak jakinarazi duenez, proposamenen artean Alderdien Legea desagertzeko eskaera egin diote Espainiako Gobernuari.

Denera, hogei bat arauren aldaketa egiteko eskatu du Jaurlaritzak, "eskubideak murrizten edo urratzen dituztelako". "Terrorismoa goratzeagatik" edo hari "laguntzeagatik" arauturiko delituen aldaketa ere galdegin du -"indarkeriaren kontrako borrokak bere mugak dituelako"-, baita euskal presoen kontrako espetxe politika eta inkomunikazio egoera bukatzeko, edota Espainiako Auzitegi Nazionalaren desagerpena ere.

"ETAk [su-etena haustean] itxaropena puskatu duela-eta, erakundeek giza eskubide denekiko oreka mantendu eta irmotasun etikoa behar dute", esan du Azkaratek. "Indarkeriak, zalantzarik gabe, erantzuna behar du, baina Zuzenbide Estatuaren bermeak eta askatasunak arriskuan jarri gabe".

Bide batez, "pertsona denen" eskubide zibil eta politikoen alde bost ekimen jarriko ditu abian Jaurlaritzak. Besteak beste, Egin eta Egunkaria-ren itxieren egoerari buruzko txostenak egingo ditu.

Astearteko Kontseiluan onartu zuen plana Jaurlaritzak, eta gaur aurkeztu du, Gasteizen.

PSE-EEk eta PPk kritikatu egin dute plana. PSE-EEk "Espainiako Gobernuarekin ika-mika sustatzea" leporatu dio Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.