Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusten egoera berrian Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea

Idoia Mendiak bozeramaileak esan du "nahikoa gehiengo eta proiektu" dituztela agintaldia 2013. urtean amaitzeko. Bihar Antonio Basagoitirekin bilduko da Lopez. Ordu berean, Urkullu Rodriguez Zapaterorekin bilduko da.

2011ko urriaren 25a
14:33
Entzun

Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur esan duenez, ez dute aurreikusten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea. Iñigo Urkullu EBBko presidenteak egin zion atzo eskaera Patxi Lopezi, ETAren adierazpenaren ostean horrek hasi duen bilera errondan.

Mendiak, ordea, argudiatu du gobernua egonkorra dela, eta agintaldia amaitzeko nahikoa "gehiengo eta proiektu" badituela. 2013. urtean amaituko da. Mendiak esan du Urkulluren proposamena "antsietatearen eta kezkaren" ondorio direla.

Bildurekin bilera ixten ari direla esan du, eta ezker abertzalearekin alderdi politikoen erregistroan izena emanda daudenean bilduko direla gaineratu du.

Bilera errondak bihar jarraituko du, eta Lopez Antonio Basagoiti EAEko PPko presidentearekin bilduko da. Basagoitik aurreratu duenez, tentuz jokatu beharraz eta pauso okerrak emateko arriskuaz ohartaraziko du lehendakaria.

10:00etan izango da bilera, eta ordu berean, Madrilen, Iñigo Urkullu Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidentearekin bilduko da, Moncloan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.