Politika

Eusko Jaurlaritzak ez du EHAKrekin negoziatuko galdeketaz

Ibarretxek ostegun honetan aurkeztuko ditu galderak hedabideen aurrean, hirukoak ezohiko batzarrean lege proposmena onartu eta gero. Kontsulta deitzeko beharrezkoa du EHAKren babesa, PSE-EEk eta PPk kontra bozkatuko dutelako.

2008ko maiatzaren 26a
14:06
Entzun
Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurtengo urriaren 25ean herri galdeketa egin nahi du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, PSE-EEk eta PPk horri ezezkoa eman ondotik EAJk, EAk eta EBk Jaurlaritzan osatutako hirukoak EHAKren babesa beharko du galdeketa deitzeko -Aralarren babesa ez luke nahikoa-, baina, Euskadi Irratiak gaur jakinarazi duenez, ez du EHAKrekin eta ez beste inorekin negoziatuko galdeketako itaunez.

Iñigo Urkullu EAJko EBBko lehendakariak ere horixe bera esan du gaur El Correo-k egindako elkarrizketan. "Ez dugu EHAKrekin akordio politikoa bilatuko".

Hain zuzen, Jaurlaritzak ostegun honetan hirukoaren ezohiko gobernu batzarra egingo du galderak zein izango diren zehazteko eta lege proposamena onartzeko, eta Ibarretxek egitasmoa ondoren aurkeztuko du hedabideen aurrean.

Jaurlaritzak bi irizpidetan oinarrituta lortu nahi du akordioa: “Indarkeriari uko egin eta euskal gizartearen nahia errespetatu”. Euskadi Irratiak esan duenez, indarkeriaren kontra egiteko galderan ez dute 'gaitzespena' hitza jasoko.

Ekainaren bukaerarako Espainiako Gobernuarekin akordioa lortu nahiko luke hirukoak. Ibarretxe ekainaren 27an Eusko Legebiltzarrera joango da: akordioa berresteko (balego) edo galdeketa deitzeko. Hor ez badu gehiengoaren babesik jasotzen, EAEko hauteskundeak deituko ditu.

Urkulluk, aldiz, uste du "logikoena legealdia agortzea" dela. Berez, 2009ko udaberrian lirateke EAEko bozak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.