gizartea

Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko du Kosta Legearen erreformaren kontra

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako ordezkariak salatu du Espainiako Gobernuaren erreformak ez dituela “lurraldeen eskumenak” errespetatzen, eta “konstituzioaren kontrakoa” dela gaineratu du. Audioa: Josu Erkorekaren adierazpenak.

2013ko uztailaren 23a
18:46
Entzun

Erkorekaren aburuz, erreforma horrek lurraldearen eta itsasbazterren antolamendua, hirigintza eta etxebizitza arloko eskumenak inbaditzen ditu, bai eta ingurumenaren eta ekologiaren esparrukoak ere. Erkorekaren ustez, erreforma “konstituzioaren kontrakoa” da, eta, horregatik, Auzitegi Konstituzionalera joko dute.

Eusko Jaurlaritzak gaur goizeko Gobernu Kontseiluan erabaki du Espainiako Kosta Legearen azken erreformaren kontra helegitea jartzea. Erkorekak jakinarazi duenez, errekurtsoa aurkeztu aurretik, sei hilabeteko epea emango diote Espainiako Gobernuari, Aldebiko Batzordean gaia eztabaidatzea, eta akordioren batera heltzea espero baitute.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren bermea zalantzan jarri du Erkorekak -Francisco Perez de los Cobos epaitegiko presidenteak PPko karneta zuen 2011ra arte-. Erkorekaren aburuz, egoera hori ez da alderdikeriak saihesteko “inondik inora” egokiena, eta Perez de los Cobosen kasuak “sakoneko arazo” bat islatzen duela gaineratu du. 

Uztailaren 1eko batzarra

Joan den uztailaren 1ean, Andaluziako, Asturiasko, Kanaria Uharteetako eta Kataluniako gobernuetako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak batzartu ziren. Denen artean, Espainiako itsasaldearen erdia baino gehiago batzen dute.

Erabaki bateratua hartu zuten: maiatzaren 9an Espainiako Kongresuan onartu zen Kosta Legearen erreformaren kontra egitea. Aldaketok soilik PPren aldeko botoekin onartu ziren, eta itsasaldea “babesteko” zirela esan zuen. Gainerako alderdien gehiengoak, ordea, kostaldea “pribatizatzeko” saioa zela iritzi zuen.

Eusko Jaurlaritza izan da, momentuz, erreformari errekurtsoa jarriko diola ofizialki jakinarazi duen bakarra. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.