Azkenaldian hartu diren hainbat neurri judizial direla-eta, kritiko azaldu da gaur Eusko Jaurlaritza, "kezka handiz ikusten ditugulako eta gizartea asaldatzen dutelako", esan du Miren Azkarate bozeramaileak. "Erabaki judizialak errespetatzeak eta onartzeak ez du esan nahi erabaki horien edukiaren aurrean isilik eta erabaki horien alde egon behar dugunik". Azkaterekin batera Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburua ere izan da agerraldi instituzionalean.
Jaurlaritzako bozeramaileak Juan Mari Atutxaren Eusko Legebiltzarreko lehendakari ohiaren kasua ekarri du gogora, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariarena ere bai, Egunkaria auzia, Iñaki de Juana presoarekin gertatzen ari dena edota 18/98koa. "Mugak gainditu" direla-eta, "gure egonezina adierazi nahi dugu, berriro ere erabaki horiek funtsezko eskubideak baliatzeko aukeran duten eraginagatik", esan du Azkaratek, eta eskaera bat egin du Jaurlaritzak: "Zuzenbide Estatuak legitimotasuna eta nagusitasun morala ematen dioten egitura eta mugak berreskuratu behar ditu".
Hain zuzen, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak asteazkenean deklaratu beharko du EAEko Auzitegi Nagusian, iaz Batasuneko kide batzuekin biltzeagatik. Hark deklaratu baino egun bat lehenago, gauza bera egin beharko dute harekin bildu ziren Batasuneko kideek, Auzitegi Nagusian bertan: Arnaldo Otegik, Pernando Barrenak eta Juan Joxe Petrikorenak.
Politika
Eusko Jaurlaritzak "kezka handiz" ikusten ditu hainbat neurri judizial
"Erabaki judizialak errespetatzeak eta onartzeak ez du esan nahi isilik eta erabaki horien alde egon behar dugunik", esan du Azkaratek. Jaurlaritzak adierazpen instituzionala egin du gaur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu