Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak gaur nabarmendu duenez, bere sailak aurten 51.183.530 euroko aurrekontua izango du, 2006an baino 13,31 handiagoa. Sailburuordeak Gasteizko Legebiltzarreko alderdiei eskerrak eman dizkie Eusko Jaurlaritzak aurrekontu berriak dituelako aurten. Haien artean, PSE-EE aipatu du, bere aldeko botoekin EAJ-EA-EB hirukoak aurrera atera dituelako aurrekontuak.
Ezker Abertzalea taldea eta batik bat Aralar ere aipatu ditu Baztarrikak, horien zuzenketekin Hizkuntza Politikarako Sailak (HPS) aurrekontu handiagoa duelako. Legebiltzarreko talde parlamentarioen zuzenketak direla-eta, Eusko Jaurlaritzak aurkezturiko aurrekontu-proiektua 2.712.500 eurotan gehitu da. “Horrek esan nahi du aurrekontuaren %5,30a suposatzen dutela Legebiltzarrean onartutako zuzenketek”.
Diruak diru, baina, Baztarrikak esan du euskara salbatuko dutenak hiztunak izango direla. "Euskarak ez ditu salbatzaileak behar, hiztunak baizik", nabarmendu du. "Euskara erabiltzea da euskarak behar duen aurrekontu handi eta garrantzitsuena".
Bestetik, HABEren aurrekontua aurtengo 40.937.500 eurokoa da, iaz baino zertxobait handiagoa (iaz 39.032.000koa zen).
Datu horiek botata, Baztarrikak esan du iaz hizkuntza politikaren aurrekontuetan eman zen "aurrerapausoa" aurten, mantendu ez ezik, “areagotu" egin dela.
"Kontsensu sozial eta politikoa berrindartzeko" asmoa
HPSk, egitasmoen artean, euskararen erabileraren normalkuntza sozialari buruzko "gogoeta edo debate zabala" antolatuko duela esan du, "orain arte egindako bideari buruz eta etorkizunean egin beharrekoari buruz hausnarketa egiteko ehunka pertsonak parte hartu ahal izango duten debatea". Euskararen inguruko "kontsensu sozial eta politikoa berrindartzeko baliagarri izateko helburua" dauka.
2007ko lan ildoen artean, lehen euskara itzultzaile automatikoa sortzeko nahia ere badu Eusko Jaurlaritzak, eta herritarrek seguruenez Internet bidez izango dute zerbitzu hori. Oraindik ez dute deialdia egin, xehetasun batzuk falta zaizkielako, baina dagoeneko lau enpresek adierazi dute interesa.
Eusko Jaurlaritzak Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoarekin lankidetza akordioa egin nahi du. Jaurlaritzak 2007an hasieran 380.000 euro emango lizkioke, diru laguntzetara bideratzeko.
Beste proiektu batzuk: 'Lanhitz' programa sendotzea enpresetan euskararen erabilera sustatzeko, Euskal Herrian IV. inkesta soziologikoa egitea, Elebide hizkuntz eskubideen behatokia indartzea, euskara ikasten ari diren laguntza indibidualak %100ean handitzea, euskaltegien sarea hobetzea, euskararen erabilera sustatzeko 'Ukan' kanpainarekin segitzea...
Euskara
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailak 51 milioi euroko aurrekontua du, iaz baino %13,3 handiagoa
Zuzenketen bidez aurrekontu-proiektua %5,3 handitu da baina, Baztarrika sailburuordeak esan duenez, "euskara erabiltzea da euskarak behar duen aurrekontu handi eta garrantzitsuena". HPSk euskararen erabileraren normalkuntza sozialari buruzko "gogoeta edo debate zabala" antolatzeko asmoa du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu