ESTATUS POLITIKOA

Eusko Legebiltzarra, Espainiako Kongresuari estatu federala eskatzearen aurka

Espainiako Gobernuak eta kongresuak estatuaren antolaketa federal "simetriko eta solidarioa" susta dezatela eskatu behar zuen Eusko Legebiltzarrak, UPDren mozioaren arabera.

Jose Antonio Pastor (PSE) hizketan, Eusko Legebiltzarreko saio batean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2015eko maiatzaren 28a
17:20
Entzun

UPDko legebiltzarkide Gorka Maneirok aurkeztu du mozioa, baina gainerako talde guztiek baztertu egin dute proposamena. Horren arabera, Espainiako erkidego guztiek eskumen berdinak izan beharko lituzkete eta "pribilegio fiskal" guztiak ezabatu beharko lirateke, "estatuaren bideragarritasuna eta herritarren berdintasuna eta ongizatea bermatzeko".

PSE-EE eta PPren zuzenketak ere baztertu ditu Eusko Legebiltzarrak. Sozialistek proposatutakoan, Eusko Legebiltzarrak Espainiako Kongresuari eskatu behar zion konstituzioaren erreforma bat abia zezala lurralde antolaketa "modu federalean" eguneratzeko. Bertan aitortuko litzateke "haren pluraltasuna, eta eskumenen eta finantzaketaren arazoak konponduko lirateke".

PPren proposamenak Espainiako Konstituzioan oinarritutako autonomien eredua babesten zuen, arau horren "balizko erreforma edo modernizazio" bati ekiteko "aurretik adostasun zabalak" behar izatearekin batera.

Gehiengo demokratikoak eta herritarren borondatea

Joseba Egibar EAJko legebiltzarkideak gogorarazi du egungo ereduan Espainia dela aitortutako subjektu politiko bakarra. Hori dela eta, uste du Euskal Herria subjektu politikotzat aitortzen bada hark erabakitzeko eskubidea izango duela "bere bidea" egiteko; hori lortzeko, berriz, akordiorik ezean, "onak dira gehiengo demokratikoak".

Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, gogorarazi du Euskal Herria estatu independente izatea dela koalizio subiranistaren proiektua. Haren iritziz, "herritarren borondatea" izan behar da "muga" bakarra Euskal Herriaren jokaleku juridikoa definitzerakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.