Eusko Legebiltzarreko taldeak ez ziren ados jarri atzo euskal presoen sakabanaketa politikaren aurkako ebazpena aurrera ateratzeko. Igor Angulo eta Roberto Sainz euskal presoen heriotzaren harira Ezker Abertzalea taldeak legez besteko proposamena eraman zuen Giza Eskubideen eta Herritarren Eskaeren batzordera. Besteak beste, Espainia eta Frantziako gobernuei preso politikoen aurka erabiltzen duten sakabanaketa politika bertan behera uztea galdegiten zion EABren ebazpenak.
Mozioari osoko zuzenketa bana aurkeztu zioten hirukoak eta PSE-EEk. Bozketan, baina, ez zen bat bera ere onartu. EABk eta Aralarrek erdibideko zuzenketa bat hitzartu zuten, baina ez zuten babes nahikorik erdietsi: EAJ, PP eta PSEk aurka bozkatu zuten eta EA abstenitu egin zen. Hirukoaren eta PSE-EEren osoko zuzenketak ere ez ziren aurrera atera, gainerako taldeek aurka bozkatu baitzuten.
Eskumena eta hurbiltzea
Ezker Abertzaleko Itziar Basterrikak gogorazi zuen 1987.urtean PSOEren gobernuak sakabanaketa politika martxan jarri zuela «EAJren laguntzarekin».Horrela, «ausardia» eskatu zien hirukoa osatzen duten alderdiei, eta sakabanaketa politikaren aurkako jarrera irmoa eskatu zien. Gatazkaren konponbidean presoek ere zeresanik badutela gogorazi zuen Basterrikak.
EAJko Nerea Antiak, ordea, azpimarratu zuen bere alderdiak sakabanaketaren alde egin zuela ETAko zenbait presok hala eskatu zietelako, eta haien gizarteratzean lagundu nahi zutelako. Nolanahi ere, EAJ euskal presoak hurbiltzearen alde egon dela nabarmendu zuen. Hirukoak aurkeztutako zuzenketak euskal presoak euren jaioterrietara hurbiltzeko eta espetxe politikaren transferentzia eskuz aldatzeko eskatzen zuela gogorazi zuen.EAko Rafa Larreinak sakabanaketa politika kritikatu zuen, «demokratikoa ez delako» eta presoen senideei zigorra ezartzen dielako. EBko Oskar Matuteren aburuz, presoen hurbilketak eta transferentziaren esku aldaketak bake prozesuan lagunduko lukete.PSEko Mertxe Agundezen ustetan, egungo egoera politikoan beharrezkoa da espetxe politika berrian adostea. PPko Carlos Urkijok, berriz, sakabanaketa politikaren defentsa egin zuen. Presoak Euskal Herrira hurbiltzea «ETA indartuko» lukeela kritikatu zuen.
EUSKO LEGEBILTZARRA. Taldeak ez dira ados jarri presoen sakabanaketaren aurka
EABren, hirukoaren eta PSE-EEren ekimenek ez dute babes nahikorik lortu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu