Politika

Eusko Legebiltzarrak 1976ko martxoaren 3ari buruz batzorde berezia sortuko du

Espainiako Poliziak bost langile hil zituen orduan, tiroz. Garai hartan Espainiako Gobernazio ministroa Manuel Fraga Iribarne zen.

2007ko otsailaren 23a
16:23
Entzun
Eusko Legebiltzarrak, Ezker Abertzalearen eta Aralarren emendakin bana onartu eta 1976ko martxoaren 3ko auziari buruzko batzorde berezia sortzea erabaki du gaur egindako batzarrean. "Gertaera haietan izan ziren erantzukizunak aztertzeko" sortuko du batzordea.

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen San Frantzisko elizan lan arloko protestak zirela-eta batzartuta zeuden grebalariak tiroz atera eta bost langile hil zituen. Pedro Maria Ocio eta Francisco Aznar bertan hil ziren. Romualdo Barroso gaueko hamaiketan zendu zen. Bienvenido Perea eta Jose Garcia Castillo egun batzuk geroxeago hil ziren. Ehunka lagun ere zauritu zituen Poliziak.

Garai hartan Espainiako Gobernazio ministroa Manuel Fraga Iribarne zen, egun PPko ohorezko presidentea eta Espainiako senataria alderdi beretik.

Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari, oraindik onartu gabeko Memoria Historikoaren Legean orduko biktimak aitortzeko eskatuko dio, baina ez bakarrik hildakoak, baizik eta baita zaurituak, kartzelan egon zirenak edo edozelango ondorioak pairatu zituztenak ere.

Orduko biktimek diru laguntzak jaso ditzaten ere eskatu du Eusko Legebiltzarrak.

PPk eta PSE-EEk erabakien kontra bozkatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.