30 urte bete dira gaur Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Legebiltzarra sortu zenetik eta, horren harira, ospakizun eguna dute han, Gasteizen. 11:00etan egin dute lehen ekitaldia: Eusko Legebiltzarreko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen ezohiko bilkura. 12:00etan ekitaldi nagusia hasi da ganberan, eta bertan egon dira egungo Legebiltzarreko kideak eta gonbidatu ofizialak.
30 urte hauetan Eusko Jaurlaritzako lehendakari izan direnak egon dira -Jose Antonio Ardanza ez da joan, osasun arazoengatik-. Juan Maria Atutxa Legebiltzarreko presidente ohiak, ordea, uko egin dio gonbidapenari. Erabaki horren arrazoiak azaldu ditu hainbat komunikabidetara igorritako iritzi artikuluan. Gaur, neure legebiltzarrean izenburupean. Mahaiko presidente zela (1998-2005) Espainiako Auzitegi Gorenaren aginduz Sozialista Abertzaleak taldea ez disolbatzeagatik "desobedentzia" leporatu zioten Atutxari eta ospakizunetara ez joatea erabaki du, "ETAri laguntza ematea" salatu ziotenen ondoan ez egoteko.
Ekitaldi nagusiaren lehenbiziko hitzaldia Mahaiko egungo presidenteak, Arantza Quirogak egin du. Ondoan zituen Atutxa ez bertze presidente ohiak: Juan Jose Pujana, Joseba Leizaola, Jesus Egiguren eta Izaskun Bilbao. Enrique Casas, Santi Brouard, Gregorio Ordoñez eta Fernando Buesa atentatuetan hildako legebiltzarkideak gogoratu ditu, eta zehaztu du Legebiltzarraren "erabateko lehentasuna" ETAren biktimak direla. "ETA da gure herrian dagoen askatasun suntsitzaile bakarra".
Quirogak azaldu duenez, urtean zehar ekitaldi gehiago eginen dituzte 30. urteurrena ospatzeko.
Politika
Eusko Legebiltzarrak 30 urte
11:00etan hasi dute ospakizuna, Gasteizen. Ekitaldietara gonbidatuta egon arren, Atutxa Mahaiko presidente ohia ez da joan, bere aurkako auziagatik protesta gisa. "Erabateko lehentasuna" ETAren biktimak direla esan du Quirogak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu