Biktimak izan dituzte gogoan gaur Eusko Legebiltzarrean EAJk, PSE-EEk eta PPk, Memoriaren Egunaren ekitaldi nagusian. Arantza Quirogak Legebiltzarreko mahaiak adostatuako testua irakurri du, eta esan du memoriak inpunitaterik ez dela egongo bermatzen duela. Euskal herritarrek "bakean eta askatasunean, totalitarismoaren, biolentziaren eta bazterketaren mehatxurik gabe bizitzeko eskubidea" dutela adierazi du.
Gizarteak eta erakundeek "terrorismoaren biktimen memoria etorkizun baketsu baten ikur" bihurtu nahi dutela esan du Quirogak. "Memoriak izenak eta datak jartzen ditu terrorismoak aitzakiak eta ezinezko justifikazioak jartzen dituen lekuan".
Adierazpenak "terrorismoaren biktima guztiak" ditu hizpide, "salbuespenik gabe", baita GALek eta Batallon Vasco-Españolek sortutakoak ere, baina ez Espainiako segurtasun indarrek sortutakoak. Horregatik, hain zuzen, Aralarrek eta EAk ez dute ekitaldian parte hartu. Aralarrek, bere aldetik, bilkura bat egin du 11:30ean Gasteizko Andre Mari Zuriaren enparantzan, "motibazio politikoak bultzaturik dauden biktima guztien omenez. Biktima guztiak, errekonozimendu osoa leloarekin egin dute elkarretaratzea, eta bertan izan dira Normi Mentxaka 1976an Poliziaren esku hil zen emakumearen seme-alabak.
Normi Mentxaka da Poliziaren indarkeriaren ondorioz hil eta biktima bezala errekonozitua dagoen bakarra. Jon Abril Aralarreko koordintzaileordeak Legebiltzarrean zeuden biktimekin daudela adierazi du, baina gonbidatuak ez zeuden biktimekin ere egon nahi dutela: "Hori bera eskatzera atera gara kalera: biktima guztien aitortza, errekonozimendua, erabatekoa izan behar dela, edozein biolentziaren ondorioz biktima diren guztien aitortza edo errekonozimendua eskatzen dugu”.
Legebiltzarrean Quirogak irakurri duen testua Araba, Bizkai eta Gipuzkoako juntetxetan ere irakurri dute, baita Ajuria-Enean ere. Arabakoan ANVko lau ordezkariak, EAko biak eta Aralarrekoa ez dira adierazpenaren irakurketan egon. Gipuzkoakoan Aralarrekoek eta Alternatibakoek ez dute parte hartu. Bizkaikoan EAko, ANVko, Alternatibako eta Aralarreko batzarkideak falta zirela irakurri dute adierazpena.
POLITIKA
Eusko Legebiltzarrak adostasunik gabe ospatu du Memoriaren Eguna
Aralarrek eta EAk ez dute ekitaldian parte hartu, irakurri den testuan ez zaielako aipamenik egiten Espainiako segurtasun indarrek eragindako biktimei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu