Jaurlaritzaren Estatutu Proposamena

Eusko Legebiltzarrak atzera bota ditu Ibarretxeren Planari aurkeztutako osoko zuzenketa guztiak

Eusko Legebiltzarreko taldeek Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenari aurkeztutako osoko zuzenketak bertan behera geratu dira, eta, beraz, aurrera jarraituko du ekimenaren eztabaidak. PPk, PSE-EEk, EB-IUk eta SAk osoko zuzenketa bana aurkeztu zioten proposamenari. EB-IUk bozketa hasi aurretik erretiratu egin du berea. Gainerakoak, berriz, banaka bozkatzea erabaki du Jose Antonio Rubalkaba Legebiltzarreko Instituzio eta Barne Arazoetako Batzordeko buruak, eta alderdi horietako bakoitzak norberarenaren alde bakarrik egin duenez, atzera bota dituzte EAJren, EAren eta EB-IUren botoekin.

2004ko martxoaren 22a
16:57
Entzun
Rubalkabak azken unea arte ez du erabaki bozketarako metodologia zein izanen zen. PPk eta PSE-EEk osoko zuzenketa guztiak bloke bakarrean bozkatzea nahi zuten, hartara, Jaurlaritzako Hiruko Gobernuak derrigorrezkoa baitzuen SAren abstentzioa proposamenarekin aurrera egiteko. Nolabait, Ibarretxeren Planak aurrera egitekot SAren oniritzia behar zuela irudikatu nahi zuten.

Behin osoko zuzenketak bertan behera geratuta, Ibarretxeren Planaren tramitazioak aurrera segituko du. Orain, EAJk, EAk, EB-IUk etaSAk aurkeztutako atalkako zuzenketak ponentzian eztabaidatuko dira.

Goizeko hamarretan hasi da Eusko Legebiltzarreko Instituzio etaBarne Arazoetako Batzordean Jaurlaritzaren Estatutu Proposamenaren inguruko eztabaida; hain zuzen ere, PPk, PSE-EEk, SAk eta EB-IUk aurkeztutako osoko zuzenketak eztabaidatzeko debatea.

EB-IUko Oskar Matutek iragarri du beren proposamen federalista atalkako zuzenketen bidez defendituko dutela. Bozketa hasi aurretik, osoko zuzenketa erretiratzea erabaki dute.

PSE-EEko Jesus Egigurenek, berriz, Estatutu Proposamena (Ibarretxeren Plana esaten zaiona) erretira dezala eskatu dio Jaurlaritzari Gernikako estatutuaren erreforma eztabaidatzeko lehen balditnza gisa. Erreforma "Espainiako Konstituzioak ezarritako bideetatik" egin behar dela nabarmendu du Egigurenek, eta Ibarretxeren Planak ez dituela bide horiek errespetatzen.

SA Sozialista Abertzaleak taldeko bozeramaile Arnaldo Otegik, berriz, Jaurlaritzaren Estatatutu Proposamena "porrot baten hasiera" dela nabarmendu du. Otegiren iduriko, Espainiako Estatutuarekin eskumenen inguruko hitzarmen bat egitea da Ibarretxeren Planaren xedea, eta azaldu duenez, hori ez da nahikoa Euskal Herriko gatazka gainditzeko.

EAko Rafael Larreinak, ostera, proposamenaren aldeko jarrera agertu du, eta esan du, "aurrera egiteko eta adostasuna bilatzeko" balio duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.