Eusko Legebiltzarra

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du PPk Juan Mari Atutxaren aurka aurkezturiko ekimena

Eusko Legebiltzarrak atzera bota du PPk Juan Mari Atutxa Legebiltzarreko presidentearen aurka aurkeztu duen dimisio eskaera, eta horren ordez, EAJ, EA eta EB-IUk "Atutxaren lanaren alde" aurkezturiko ekimen bat onartu du. Ekimen horretan desobedientzia delitua leporatuta auzipetuta dauden Legebiltzarreko Mahaiko kideei egiten ari zaien "jazarpena" salatu dute.

2004ko otsailaren 20a
19:35
Entzun
Juan Mari Atutxaren aurkako gaitzespen ekimena ez da jasotzen Legebiltzarreko araudian, eta hori dela eta, PPk ez legezko proposamen bat aurkeztu du Atutxaren dimisioa eskatzeko. Leopoldo Barreda PPko bozeramaileak Atutxari egotzi dio "Gobernuan dauden alderdien interesen alde egitea eta SA talde parlamentarioa desegiteko Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpena ez betetzea". Halaber, oposizioko alderdien aurka "behin eta berriz" Atutxak jarritako zigorrak kritikatu ditu, eta baita aurrekontu legearen bozkaketan "bozka prozedura aldatzea Gobernuaren alde egiteko".

PSE-EEko parlamentario Rodolfo Aresek Atutxa "azken aldian" izaten ari den jarrera kritikatu du, eta Atutxari jarrera aldatzeko eskatzen zion osoko zuzenketa bat aurkeztu du, "edo bestela dimisioa aurkez dezala Legebiltzarra zuzentzeko gai ez delako". Aresek "Eusko Jaurlaritzako ordezkari gisa" aritzea leporatu dio Atutxari, "eta ez presidente objektibo baten moduan". PSE-EEko legebiltzarkideak ere gogora ekarri du Atutxak ez dituela Espainiako Auzitegi Gorenak emandako ebazpenak.

Hirukoa Atutxaren alde

Bestalde, Gasteizko Hiruko Gobernua osatzen duten alderdiek –EAJ, EA eta EB-IU– Atutxaren lana defendatu dute, "Legebiltzarreko autonomia defendatu duelako une oro, eta araudia errespetatuz lan egin duelako".

EAJko parlamentario Xabier Ormaetxeak esan du Atutxa "hamalau aldiz egon dela ETAren jopuntuan", eta PPri leporatu dio, hori jakinda ere, "iritzi publikoaren aurrean Atutxa ETAren laguntzaile dela esatea".

Eusko Alkartasuneko Rafa Larreinaren ustez, "Atutxak egin duen delitu bakarra Legebiltzarreko autonoma eta forua defendatzea" izan da, "Espainiako Auzitegi Gorenaren autoa beteko balu, Legebiltzarreko araudia ez lukeelako beteko".

EB-IUko Oscar Matuterentzat "gaurko eztabaida faltsua" da. "Soka tenkatzeko asmoa dute soilik, PPko zenbait parlamentarioren jokabidea aztertu bagenu bati baino gehiagori koloreak aterako bailitzaizkioke", esan du Matutek Carlos Iturgaitzek egindakoari erreperatuz.

PPren proposamena eta PSE-EEren zuzenketa ez dira aurrera atera, eta Hirukoa osatzen duten alderdiek proposatutakoa onartu du Legebiltzarrak. Bi emendakinen bozketak Atutxak zurian bozkatu du eta SAk ez du bozkatu ere egin.

Goirizelaia eta botopapera

Sozialista Abertzaleak taldeko Jone Goirizelaiak parte hartu du eztabaidan eta bere jarduna amaitu eta gero, Jaime Mayor Oreja PPko legebiltzarkide buruaren mahaira hurbildu da eta ezker abertzaleak martxoaren 14ko Espainiako hauteskundeetan erabili behar duen botopapera utzi dio mahai gainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.