Eusko Legebiltzarrak txertaketa kanpainaz eztabaidatu du gaur goizean, EH Bilduk aurkeztutako legez besteko proposamen baten harira. EH Bilduk Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio txertaketa egutegi zehatz bat eta kronograma argi bat premiaz lantzeko. Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Osasun Sailari eskatu dio kanpaina azkartzeko, eta horretarako proposamen bat egin du: ahalik eta pertsona gehienei txertoaren lehen dosia jartzeko, talde immunizazioa ahalik eta lasterren lortzeko. Proposamenak, baina, ez du babes nahikorik jaso; izan ere, EAJ, PSEk eta Voxek aurka bozkatu dute, eta Elkarrekin Podemos-IU eta PP+Cs abstenitu egin dira.
Uberak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoa dela Espainian txerto gutxien jartzen duen erkidegoa, eta, hori hala izanik, Jaurlaritzak 64.375 txerto gordeak dituela, ipini gabe. EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, «ez da ulergarria txertoak gordetzea, eta ez du zentzurik, premiazkoa baita ahalik eta azkarren txertatzea eta lehenengo dosia lehenestea». Haren iritziz, egungo erritmoarekin «ezinezkoa» izango da 2024 baino lehenago biztanleriaren %70 immunizatzea.
Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten taldeek esan dute ezinezkoa dela txertaketa egutegi zehatz bat lantzea, «aldagai ugarik» baldintzatzen dutelako txertaketa prozesua. EH Bilduren ekinbidea atzera bota, eta jatorrizko proposamenari EAJk eta PSEk aurkeztutako zuzenketak egin du aurrera osoko bilkuran. Testu horretan, legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio txertaketa estrategia bat abian jar dezala kontuan hartuta botika etxeek txertoak jartzeko zehaztutako baldintza teknikoak, eta Sendagaien Europako Agentziak eta Espainiako Osasun Sistemaren Lurralde arteko Kontseiluak ezarritako irizpideak.