Bananduta ospatzen ari dira Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoak Memoriaren Eguna, 2010ean Patxi Lopez lehendakariak ospakizunari hasiera eman zionetik bosgarrenez. Legebiltzarrean biktima guztiak izan dituzte gogoan EAJk, EH Bilduk eta PSEk, eta lore eskaintza bat egin dute horien alde. PP eta UPD, ordea, ez dira han izan, ETAren biktimak ez ezik beste indarkerien biktimak ere omendu dituztelako.
Iñigo Urkullu lehendakaria omenaldian izan da, eta harekin Eusko Jaurlaritzako sailburuak ere bai. Biktima guztien alde dagoen monumentuan larrosa zuri sorta bat utzi dute, eta biktimak oroitzeko sua piztu dute.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere izango dira ekitaldiak. Araban, ekitaldi bana egingo dute Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak, batetik, eta Arabako Biltzar Nagusiek, bestetik, azken horiek ez baitute bat egin lehenengo ekitaldiarekin. Alde horretatik, bere aldetik egingo du lore eskaintza foru parlamentuak.
Bizkaian Bilboko Udalak antolatutakoa izan da indarkeria guztien biktimak omentzeko ekitaldi nagusia. Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zein Bilboko Udaleko alderdi guztietako ordezkariak izan dira bertan. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere lore eskaintza egingo dute, eta PPk aurreratu du ez duela bertan parte hartuko.
2010ean ospatu zen lehenbizikoz Memoriaren Eguna, orduko Eusko Jaurlaritzaren ekimenez. Geroztik, urtetik urtera errepikatu da alderdien arteko desadostasuna, batik bat, omendu beharreko biktimei dagokienez.