Eusko Legebiltzarrak, EAJ eta EH Bilduren babesarekin, EITBri eskatu dio hedabide publikoko langileek bere postua lortzeko izan zituzten baldintzak errespetatzeko. «Ez dezala inor baztertu, bere garapen eta promozio profesionalerako eskubideei dagokienez arrazoi linguistikoak direla medio», dio legebiltzarrak adostu duen testuan. Gainera, eskatu dio urtea bukatu baino lehen lanpostu bakoitzerako hizkuntza beharrei buruzko azterketa egiteko. Bestalde, beharrezkoa ikusten du euskara planaren garapenean euskara eskakizunik gabe sartutako langileentzat «formakuntza programa» bereziak antolatzea. Gainontzeko alderdiek proposamenaren aurka bozkatu dute.
UPDren ekimenez eztabaidatu dute auzia legebiltzarrean. Gorka Maneiro UPDko ordezkariak EITBko zuzendaritzari eskatu dio 2013-2016 Jarduera Planari buruzko proposamena kentzeko. Plan horretan hedabideko langile guztientzako nahitaezko euskara eskakizunak ezartzen dira. Udazkenerako aurkeztu nahi du zuzendaritzak EITBko irratietarako enplegu eskaintza publiko bat. Batez ere Radio Euskadira bideratuko dute lehiaketa; hainbat langile daude hamar urte baino gehiago lanean plaza finkorik gabe, eta lehiaketa horretan bat eskuratzeko itxaropena zuten. Izan ere, orain arte ez bezala, euskara ondo jakitea ezinbestekoa izango dute hautagaiek. EITBko zuzendaritzak aurreikusten du 2016. urterako euskara hedabideko langile guztiei eskatzea.
Maneiroren proposamena atzera bota dute EAJk eta EH Bilduk, eta adostutako testuan gogoratu EITBk euskararen normalkuntzarako «berariazko erantzukizuna» duela.