Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza sistema kohesionatzeko neurrien eztabaida atzeratzea erabaki du Eusko Legebiltzarrak, noiz arte argitu gabe. Zubiak Eraikizek eskola segregazioari buruzko eztabaida jarri nahi zuen mahai gainean herri ekinbide legegile bidez. EAJk, PSE-EEk eta PPk eztabaida hori galarazi dute. Eztabaida horri heltzeko espazioa Hezkuntza Saila prestatzen ari den Hezkuntza Legea dela hausnartu dute.
Zubiak Eraikizen ekinbidea lehena izan da herri ekinaldi legegileei buruzko araudia aldatu zenetik. Hori dela-eta Xabin Zubiri aipatu elkarteko kideak aukera izan zuen aurkeztutako testua defendatzeko. Lehen aldia izan da sustatzaileetako batek hitza hartzen duela proposamena defendatzeko. Eztabaidatuko testuan jasotako neurrien premia defendatu ditu osoko bilkuran. “Ekinbidea onartzeko eta gaia eztabaidatzeko eskatzen dugu, hartara, Hezkuntza Legea garaiz heltzen ez bada, premiazko neurriak hartzea egongo da. Legea garaiz helduz gero badaude moduak gure proposamena bertan sartzeko”.
Bozketaren ostean, ekinaldiaren bidea eten ondoren, "dezepzioa" agertu du Zubirik. Hausnartu du ere egindako bidea aberasgarria izan dela, bai eragileen arteko loturak egiteko, baita eztabaida sustatzeko ere. "Eztabaida hau itzuliko da, indartsuago gainera".
Alde bozkatu zuten bi alderdiek neurrien beharra berretsi zuten. Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkide Iñigo Martinezek kritikatu dio EAJri eskola segregazioaren aurkako neurririk ez hartzea, horren berri izanda ere. “Begiak ondo irekita dituzue, baina ez diozue kasu egiten ikusten duzuen horri, zuek nahi duzuen eredua delako”.
Rebeka Ubera EH Bildu legebiltzar taldeko kideak Martinezen hausnarketa berretsi du, eta indarrean dagoen hezkuntza sistema “porrot” egiten ari dela gaineratu du. “Auzoetan hiri paraleloak sortzen ari gara; guztioi eragiten digun zerbait da, eta esku hartzen ez badugu larrutik ordainduko dugu”.
Aurka agertu direnen artean, Jone Berriozabalek, EAJ taldeko kideak, herri ekinbidearen “zilegitasuna” defendatu du, baita horren aurka bozkatzearena ere. Berriozabalen iritziz Zubiak Eraikizek “helburua eta tresna nahastu” ditu, eta gaineratu du EAJ ez datorrela bat aukeratutako bidearekin, helburuak partekatu arren.
PSE-EEko legebiltzarkide Jose Antonio Pastorrek eskola segregazioaren eztabaidari heltzeko beharra nabarmendu du. Dena den, zehaztu du herri ekinbide legegilea ez dela hori egiteko bidea, baizik eta EAEko Hezkuntza Legea. “Ekinaldia lege berriaren motorrean sartuta dago”.
PP taldeko legebiltzarkide Juana Bengoetxearen iritziz eztabaidaren muinean sareen finantzazioa dago, eta herri ekinbide legegileak ez dio horri heltzen. Are, gaineratu du ekinaldiak liskarra sortzen duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gizartean.