Gregorio Ordoñez PPko legebiltzarkide zena 1995eko urtarrilaren 23an hil zuen ETAk, Donostian. Haren hilketaren egunaren ondorengo osoko bilkuran, Ordoñez omendu du Eusko Legebiltzarrak.
Saioaren hasieran minutu bateko isilunea egin dute talde guztietako legebiltzarkideek. Legebiltzarraren kanpoaldean, Ordoñezen argazki bat jarri dute Gauerdiko Iparrorratza "terrorismoaren" biktimen omenezko eskulturaren parean, kandela batekin batera.
Legebiltzarreko mahaiak 2014ko otsailean onartu zuen Gregorio Ordoñez, Enrique Casas, Fernando Buesa eta Santi Brouard eraildako legebiltzarkideak omentzea, haien heriotzaren urteurren datatik hurbilen egiten den bilkuran. Ordoñez, Casas eta Buesa ETAren biktimak dira, eta Brouard, GALena.