Euskara

Eusko Legebiltzarrak hizkuntza arloko "inposizio politikak" gaitzetsi ditu

Eztabaida egin dute Eusko Legebiltzarreko Euskara Batzordean. Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak zuzenean eman du eztabaidaren berri. 

urtzi urkizu
2014ko apirilaren 14a
08:10
Entzun

Jaurlaritzak euskararen erabileraren normalizazioaren alorrean daraman jarduera politikoari buruzko eztabaida egin dute. EH Bilduko legebiltzarkide Xabier Isasik egin ditu aurreneko hitzak. Euskararen biziraupena arriskuan dela ohartarazi du, eta Jaurlaritzak ez dituela arnasguneak zaindu gaineratu du. "Jaurlaritzaren politika atzerakoia izan da udalerri euskaldunetan". Euskararen erabileraren balorazioarekin EH Bildu ez dagoela ados gaineratu du. Euskararen Aholku Batzordeari begira proposamen bat egingo du koalizioak, ez baitago ados egungo egiturarekin.

Cristina Uriarte sailburuak Jaurlaritzaren lana defendatu du, eta esan du "urteetako lan eskergari" jarraipena ematen ari direla. Euskararen aldeko "diskriminazio positiboa" defendatu du Uriartek. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politika sailburuordeak esan du politika behar dela euskararen zerbitzura, eta ez alderantziz. "Isasik aitortu du euskarak aurrerakada izan duela gizartean. Hori formalki esatea bada zerbait", adierazi du.

Carmelo Barrio PPren ordezkariak euskara "arma politiko gisara" erabiltzea leporatu dio EH Bilduri. Eusko Legebiltzarrak eta Jaurlaritzak euskararen alorrean egindako lana goraipatu du Barriok. Idoia Mendia PSE-EEkoak argudiatu du hizkuntz politikan egin den lana balekoa dela: "Azken mapa soziolingustikoaren datuak ikusita, hizkuntz politikak eragina izan du euskaldunen kopuruaren hazkuntzan. Pozgarria da".

EAJko legebiltzarkide Garbiñe Mendizabalek nabarmendu du oraingo egoera euskal gizartearen meritua dela, baina baita ere erakunde publikoena. "Ibaian gora doan txalupa da euskararen normalizazioa", nabarmendu du.

Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren hizkuntz politika gogor kritikatu du: "Gehiegikeriak, bidegabekeriak eta diskriminazioak egon dira euskararen alorrean".

Arratsaldean bozkatu dituzte ebazpenak

Eguerdi partean ebazpen proposamenak aztertu, eta talde politikoen artean adostasun batzuetara iritsi dira. 

EH Bilduk Hizkuntza Normalizazioaren Koordinaziorako Jarraipen Batzordea sortzea proposatu du, Euskararen Aholku Batzordea ordezkatzeko asmoz. EAJk ez du proposamen hori ontzat jo, ezta beste talde politikoek ere. EH Bildu eta EAJren artean adostutako ebazpen batean, berriz, Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio helduen euskalduntzea sendotzen jarraitzeko, eta doakotasunaren bidean urratsak egiten jarraitzeko. Bi taldeek onartutako ebazpen batean, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio euskararen erabilera gizarte esparru desberdinetan bultzatzen jarraitzeko, batez ere gazteekin lotutako eremuetan.

PSE-EE eta EAJren artean adostutako ebazpen batean, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio hizkuntza hautatzeko herritarrek duten askatasuna bermatzeko. Era berean, legebiltzarrak hizkuntza arloko "inposizio-politikak" gaitzetsi ditu. Bi taldeen artean adostutako beste puntu batean, legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatu dio "bizikidetza harmoniatsua" helburu izango duen hizkuntza politika garatzeko".

PSE-EEren, PPren eta UPDren ebazpen proposamen bana ere onartu ditu legebiltzarrak. 

EH Bildu, EAJ eta PSE-EEren artean adostutako ebazpen bat ere onartu dute. Honakoa dio: "Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio jarraitzeko informazio eta komunikazioaren teknologietan euskarazko aplikazioak eta tresnak sustatzen, eta errazten hizkuntza hautatu ahal izatea administrazio publikoen tresna eta aplikazio informatikoetan. Era berean, euskarazko hedabideak estrategikoak zanik, euskararen normalizaziorako ahal den neurrian diru laguntzak egonkortzeko aukera aztertuko da".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.