Eusko Legebiltzarrak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio leku itxietan airearen kalitatea neurtzeko gailuak ezartzeko politika sustatu dezala, besteak beste, garraio publikoan eta ostalaritzan aerosolen kontrol zorrotzagoa egin ahal izateko. Leku itxietan aireztapena sustatzeko ere galdegin dio, eta bultza ditzala, besteak beste, garraio publikoan, ikastetxeetako jantokietan, ostalaritzan eta saltokietan aerosolekiko esposizioa kontrolatzeko neurriak: toki itxietako aerosolen kopurua neurtzeko CO2 neurgailuak ezartzeko galdegin dio Jaurlaritzari. Eskera hori jaso du Elkarrekin Podemos-IUk, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk elkarrekin adostutako erdibideko zuzenketak.
Elkarrekin Podemos-IUko legebiltzarkide Jon Hernandezek azpimarratu du komunitate zientifikoan erabateko adostasuna dagoela gaiarekiko, eta onartutako ekinbidea «norabide onean» doala. Toki itxietan kutsatzeak gutxitzeko «neurri eraginkorrak» hartzeko eskatu dio Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari, eta kexu agertu da orain arte ez duelako lehenetsi arlo horretan inbertsioak egitea birusari aurre egiteko.