Aurten bai. Iñigo Urkulluk ez du arazorik izan gaur bere agintaldiaren lehen aurrekontuak aurrera ateratzeko. UPDren, PPren eta EH Bilduren zuzenketa gehienak atzera bota ditu Eusko Legebiltzarrak, eta aurrera atera da EAJren proiektua, PSE-EEren eta PPren babesari esker. Abstenitu egin dira bi alderdi horiek, eta EH Bilduk eta UPDk kontra bozkatu dute. Horrela, aldeko 27 boto jaso dituzte aurrekontuek —jeltzaleenak—, aurkako 22, eta 26 abstentzio.
Iaz haustekundeak irabazi ostean, atzera egin behar izan zuen Eusko Legebiltzarrean nahikoa babes ez zuelako. Gaurkoak Urkulluren lehen aurrekontuak izango dira, 2014koak.
Goizean hasi da aurrekontuen inguruko eztabaida Eusko Legebiltzarrean, eta 12:00 aldera bukatu. 10.215 milioi euroren aurrekontuak aurkeztu ditu, aurtengo aurrekontuetarako aurreikusi baino %9,6 gehiago —atzera bota behar izan zituen azkenean, eta 2012koekin aritu—.
EH Bilduk eta UPDk aurkeztu zituzten osoko zuzenketak atzera bota zituzten hilaren 9an, EAJ eta PSE-EEren kontrako botoekin eta PPren abstentzioarekin. Ondoren, 11n eta 12an zuzenketa partzialak bozkatu zituzten. PSE-EErekin egindako akordioaren bitartez 25 milioi euroren zuzenketak aurrera atera ziren, eta PPrekin egindakoarekin, beste hiru milioi eurorenak.